2019-10-11 12:30

Euskal Herriko Jardunaldi Feministak mugimendu feminista autonomoak mugimenduaren ildo estrategiko nagusiak eztabaidatzeko antolatutako jardunaldiak dira. Lehenak, 1977ko abenduan izan ziren Leioan eta 3000 emakume bertaratu ziren. Geroztik, momentu ezberdinetan jardunaldiak antolatu izan dira, 1984an eta 1994an EHUko Leioako Campusean, eta 2008an Portugaleteko Nautika Eskolan, eta Euskal Herriko feministontzat zita garrantzitsua izan da beti, hitzordu guztien arrakastak erakutsi digunez.

Urte luze hauetan, askotarikoak eta oso anitzak izan dira bertan izandako eztabaidagaiak, unean uneko errealitate eta premiei erantzuten zietenak: sexualitatea, abortua eta antisorgailuak, bortxaketak, familia-plangintza, medikuntza eta emakumea, patriarkatua, militantzia eredua, lana eta lanaren banaketa, hezkidetza, aurrera begirako alternatibak, zientzia, osasuna, militarismoa, pornografia, indarkeria sexista, gorputzak eta identitateak… Halaber, gai hauek guztiek jardunaldien helburu nagusiei erantzun izan diete, hala nola, hausnarketa teoriko kolektiboari, talde feministen elkar ezagutza eta saretzeari…

Ordutik hamar urte pasa dira, eta V. Jardunaldien erronkari eutsi diogu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.