2019-11-04 08:38

Etzi eta Pitz (XIX): Ion Ansa. (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). Aholkularia, prentsa agentea, kooperatibista eta analista politikoa da. Caminho Longe dokumentalaren komunikazio arduraduna. Bertsolaria ere bada Ansa. Sare sozialetan ez du ahoan bilorik. Iritzi emaile gisa aritzen da makina bat komunikabidetan. Etorkizunari itxaropenez begiratzen dio.

Kontsultore, aholkulari, prentsa agente, analista, enpresari txiki… Nola definituko zenuke une honetan zure burua?

Enpresari txiki ez, kooperatibista nahiago. Errenteria-Oreretan, gaztetandik herri mugimenduetan, aktibismo politikoan eta euskalgintzan aritu naiz. 1990eko hamarkadan, gaztetxetan, herri libretan eta langabetuen asanbladan ibili nintzen. AEK-n urte batzuk egin nituen, euskara elkarteetan, bertso eskoletan eta Bertsozale elkartean. Modu batean edo bestean, komunikazioaren munduan ibili naiz.

Bertsozale elkarteko lana zer moduz joan zen?

Batez ere komunikazio alorrean aritu nintzen. Bertsozale elkartea eredugarria iruditu izan zait beti. Bertsozale elkarteak planteatu zituen hainbat hausnarketetan parte hartzeko aukera izan nuen. Bertsolaritza arte eta mugimendu bezala zer zen hausnartu genuen. Guztiz beharrezkoa da Bertsozale elkartea elkarte bezala, antolakuntza eredu hori. Sekulakoa iruditzen zait bertsolariek egiten duten lana, artista bezala. Eta oso garrantzitsua da baita ere herriz herri eskoletan egiten den lana eta sortzen diren bertso eskola guzti horiek. Primerakoa litzateke bertsolaritzaren eredua beste eremu batzuetan izango bagenu.

Caminho Longe dokumentalean Alfonso Etxegarai da protagonista. 34 urtez deportatua egon ostean, Euskal Herrira itzuliko da. Lan hunkigarria izango da arrazoi askorengatik, ezta?

Dokumental horren komunikazioan ari naiz lanean, Adabaki ekoiztetxearekin elkarlanean. Beste proiektu batzuetan ere aritu gara elkarlanean. Kasu honetan, Alfontso Etxegarairen eta Kristiane Etxaluzen istorio pertsonalaz ari gara, baina nagusiki ari gara gauza bat esaten: badago errealitate bat ez dena inon kontatzen eta ez dagoena inongo agendatan. Goazen euskal deportatuen errealitatea kontatzera. Memoriaz ari garenean, izan ere, ez daukagu benetako memoria inklusiboa sustatzen ari den botererik. Dokumentalerako finantzaketa kolektiboa ondo doa, diruaren %80 inguru bildu dugu, baina ezin gara erlaxatu. Herritarrak animatzen ditut proiektuan parte izatera. Denon artean aterako dugu aurrera.

Josu Martinez zinemagilearen lanek zer dute zuretzat berezia?

Gustatzen zait bi gauza uztartzen dituela: produkzio modua eta begirada propioa. Bere garaian Moriarti ekoiztetxekoei elkarrizketa bat egin nien, eta orduan ikasi nuen produkzioak duen garrantzia. Gogoko dut nola Martinezek planteatzen dituen filmak produkzio aldetik. Ikerketa lan sakon batetik abiatzen da, eta gero kolaboratzaile sare bat osatzen du. Begirada propioari dagokionez, ukitzen dituen gaiak askotan politikarekin eta memoriarekin zerikusia dutenak dira. Eta horrez gain, saiatzen da begirada zinematografiko bat ematen. Nik hori guztia asko baloratzen dut.

Analista politiko gisa han eta hemen zabiltza. Hauteskunde bezperatan, dei asko jasotzen dituzu?

Bai. Ardura politiko batzuk izan ditut iragarnean; horren aurretik, analisi politikoak egiten hasi nintzen, baina berehala hainbat hedabidetatik deitu ninduten. Ardura politikoak utzi nituenean, itzuli nintzen berriro analisietara. Gaur egun Radio Euskadin, ETBn, Euskadi Irratian, Hamaikan eta Deian kolaboratzen dut. Saiatzen naiz epe motzera baino epe luzera begiratzen.

Baina epe motza hurrengo igandea da. Espainiako Kongresuko bozak egingo dira. Zer gertatuko da?

Gauza garrantzitsu asko gertatu dira. Espainiako estatuak oso modu esplizituan bere mugak eta bere topeak mahai gainean jarri ditu. Kataluniako mugimendu politiko guztiak behartu du estatua bere burua modu pornografiko batean erakustera. Hauteskundeak ditugu berriz presidente bat egon delako, Pedro Sanchez, onartu dituena estatuak jarri dizkion mugak. Muga bat zen: “Ez dugu onartzen 1978ko kontsetutik kanpoko agente politiko bat gobernuan egotea, hau da, Podemos”. Eta bigarrena: “Ez dugu gobernu bat nahi Kataluniako eta Euskal Herriko independentisten eta soberanisten menpe egongo dena”. Eta zer gertatuko da? Eskuinak bigarren aukera bat dauka, bola extra bat. Orain Espainiaren batasun nazionalaren ardatzean dago kontua. Kezkatzen nau hortik eskuinak lor dezakeen mobilizazioa. Aurreko hauteskundeetan eskuinak 11 milioi boto lortu zituen. Oraingoan, Casadok (PP) lortzen baldin badu bere inguruan eskuina konzentratzea -Ciudanosen jaitsiera nora joaten den ikusi behar-, bi gauza gerta daitezke: PPk senatua eramatea eta PSOErengana gerturatzea.

PSOEk gaur egun zer du sozialistatik eta zer obrerotik?

Obrerotik mantentzen du oraindik baduela langile boto bat. 7 milioi bototatik milioi batzuk langileak dira. Estatistika batzuek diote, gainera, errenta txikietan boto asko bereganatzen dituela. Baina alderdiak sozialdemokrata izateari utzi zion bere garaian. Kontuan izan 1930ko hamarkadan alderdi iraultzaile bat zela. Frankismoaren garaipena izan da iraultzaileak ziren elementuak frankismoaren ostean iraultzaileak izateari utzi ziotela. Alderdi Komunistarekin gauza bera. Felipe Gonzalezek (PSOE) eraiki zuen Espainian ongizate estatua deitzen dena, baina kontzeptu guztiz sozioliberal batzuetatik jo zuen.

Definitu esaldi batekin honako lider politikoak:

-Iñigo Urkullu

Politikoki hazten joan den buruzagi bat. Boterera iritsi denean, independentista izateari utzi diona. Kontserbadore bat.

-Uxue Barkos.

Jendearen konexiorako gaitasun handia daukan pertsona bat.

-Jean Rene Etxegarai.

Euskal politikagintzaren aurpegi aberasgarri bat. Zentrista frantses bat, baina Ipar Euskal Herriaren etorkizuna ikusten duena Euskal Herriaren baitan.

-Emmanuel Macron.

Europako elite neroliberalen azken esperantza.

-Arnaldo Otegi.

Intuizio politiko handia duen politikari bat. Eta politikari kontsekuentea.

-Pablo Iglesias.

Europako ezkerrak eman duen buru brillanteetako bat, oraindik bere ibilbidea egin behar duena bere burua kokatzeko.

-Albert Rivera.

Hizlari ona eta politikari eskasa.

-Pablo Casado.

Hizlari ona, politikari eskasa eta Espainiako eskuinaren mediokritatearen adibide bat.

-Santi Abascal.

Hizlari eskasa eta sintoma bat. Espainiaren aurpegi bat erakusten duen sintoma bat.

-Pedro Sanchez.

Burugogorra, taktizista baina estrategiarik gabekoa. Ez da estatu gizon bat.

2016an, EH Bilduren hauteskunde kanpainetan aritu zinen lanean. El Correo egunkariak argitaratu zuen dimisioa eman zenuela. Zer zen benetan gertatu zena?

Nik akordio bat egin nuen EH Bildurekin kanpaina horretarako. Azaldu nuen hor bukatu zela lana, eta EH Bildutik eskatu zidaten jarraitzeko. Hasieratik argi esan nuen nire ibilbide profesionala beste bide batetik jarraitu nahi nuela. Kazetari guztiei jakinarazi nien zein zen nire bidea. Iruditzen zait pertsonalki oso erabaki ona izan zela. Jende guztiak errespetatu zuen nire erabakia, eta soilik El Correok argitaratu zuen artikulu bat albisterik ez zegoen tokian.

EH Bilduko ordezkari askorekin duzu harreman profesionala, hala ere, ezta?

Oso harreman onak egin ditut EH Bilduko ordezkariekin. Eta jende askorekin ere bai. Izan ere, adibidez ni oso identifikatuta sentitzen naiz Berria, Gara eta Argia bezalako proiektu komunikatiboekin. Baina aldi berean desberdin pentsatzen duten kazetariekin eta ordezkari politiko askorekin harreman oso ona dut.

Zergatik da EAJ hain hegemonikoa EAEko hainbeste tokitan?

Ez da hain hegemonikoa.

Bizkaian, bai.

Ados, Bizkaian bai. Baina galdetuko nukea ea zergatik ematen duen hain hegemonikoa. EAJn oso ondo egiten dute lan gizartea ulertzen. Gabezia du ez dakielako zer egin nahi duen Euskal Herriarekin, ematen ez duela inora joan nahi. Baina oso onak dira haizeak nondik doazen ulertzen, balio hegemonikoekin konektatzen dute. Haien boto emaile asko daude kokatuta EAJ baino ezkerrerago; EAJ eskuinerago dago, baina jende pila bat erakartzen du. Akordio politikoak egiten ere asmatzen dute. Orain fokua Espainiako politikan dago jarria, eta badakite Madrilen partida jokatzen.

Ikusita buruzagi independentista katalanak kartzelan edo erbestean direla, EAJ moderazioan eroso geldituko da. Zer gertatu behar du EAJk independentziaren aldeko apustua egin dezan?

EAJk apustu hori egingo du euskal gizartek apustua egiten duenean.
Euskal gizarteak esaten duenean beste estatu bat nahi duela, EAJk ere gauza bera esango du.

Eta Katalunian zer gertatu da eta zer gertatuko da?

Katalunian independentismoa marginala izan zen 1990eko hamarkada arte. ERC independentista bihurtu zen, eta Jose Lluis Carod-Rovira eta bere ingurukoek akordio nazional bat egin zuten Pasqual Maragallekin (PSC). Une horretan aldaketa bat eman zen: indenpendentismoa ez zen zerbait marginala, lehen bezala; ardura politikoak izaten hasi zen. Eta gizartean behetik gorako prozesu bat egon da: herritarrek ikusi dutenean Espainiarekin ez zegoela zer eginik, joan dira mugitzen alderdien gainetik. Kontakizun nazional berri bat sortzen ari dira katalanak, epika demokratiko batetik eraikia. Etorkizun handiko kontakizun bat ari dira eraikitzen. Baina aurrean Espainia dute, estatu indartsu bat. Espainiak Frantzia kopiatu nahi du estatu zentralista gisa, baina ez du lortzen bere territorioa dominatzen. Eta Espainiak ez du kontrolatzen gizartearen borondatea. Katalunian autodeterminazio galdeketa bat onartzen duten guztiek jartzen dute auzitan Espainiaren oinarria. Epika demokratikoaren kontakizunaren alde daudenen ehunekoa handitzen baldin bada Katalunian, Espainiaren arazoak are larriagoak izango dira.

Euskal Herrian ahoz aho komentatzen da apalagoa dela kaleko mugimendua duela urte batzuk baino.

Ezin dugu modu anakroniko batean ikusi gizartearen politizazioa. Garai batean jendea modu batean mobilizatzen zen, eta orain beste modu batean mobilizatzen da. Nik ikusten dudanean mugimendu feministan dagoen indarra, zer transbertsalitatearekin egiten duen lana, nola baldintzatzen duen agenda politikoa, esaten dut: “Ostras, benetan esaten dutenek apal gaudela eta ez dela ezer mugitzen, agian berriro planteatu beharko lituzkete hainbat gauza”. Greba orokor bat ere egongo da laster. Zahar etxetako langileen greba hor dago. Alor nazionalari dagokionez, esan daitekeena da alderdiek mobilizatzeko gaitasuna galdu dutela. Baina horrek ez du esan nahi gizartea mugitzen ez denik.

Hamar urte barru nola ikusten duzu zure burua?

Urteak ospatzea asko gustatzen zait. Ilusioarekin ikusten dut etorkizuna. Nahiago dut orainak harrapatua bizi. Baina hamar urte barru, izango ditugu milaka gazte orain haurrak direnak, eta horiek ezagutzeko gogo biziz nago. Jakin-mina dut ea gazte horiek zer ekarriko diguten.

Eta Euskal Herria hamar urte barru?

Orain baino hobeto. Orain dugun lehentasuna da gure komunitate nazionala eraikitzea. Independentzia helburu huts bezala jartzea bere horretan ez da funtzionatzen duen zerbait. Independentziak izan behar du ondorio bat, eta ez hainbeste helburu bat. Gure komunitate nazionala landu eta birformulatu behar dugu; gizarteak dituen kezkak, beharrak eta aspirazioak konektatu behar ditugu, eta nazio gisa garen hori aktiboki eta praktikoki demostratu behar dugu. Horren ondorio izango da estatu bat lortzea. Independentzia ez da lortuko loreak jartzen tankeetan. Oriol Junqueras eta besteak dauden unera iristen garenean, irabazteko benetako aukerekin iritsi behar dugu.

Elkarrizketa hau hamar urte barru, zein tokitan egin nahiko zenuke?

Atzerrian: Madrilgo Lavapies auzoan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.