2019-12-21 12:01

Aspaldi honetan Etzi Portu Maritimoko itsasontzien joan-etorriak  jarraitu duenak jakingo du jada rol jokoen inguruan interesatuta gabiltzala.

2019ko abenduan aurkeztu berri dugu 54. Durangoko Azokan (oraindik luxuzko tomo gisa eskuratu daitekeen) AtopiaRPG euskaraz sortu eta argitaratutako planetako lehen rol jokoa eta rol jokoak literatura diren ala ez direnaren inguruko eztabaida suharrak euskalgintzan eta literaturgintzan txertatu nahian gabiltza.

Lur4a: edozein mahaitako perrexila.

Horretaz gain Etzi.pm|n EnROLatu atala merezi zuen moduan estreinatu dugu Eneko Mazo eta Eneko Sanchezen erreseinekin (Savage Worlds eta Top 5, urrenez urren) eta Xabier Landabidea (@txerren) Goizalde Landabasorekin batera Radio Euskadira bidaltzen dugu hamabostean behin, bere gustuko rol jokoen erreseinak egiteko. Etorriko dira gehiago ere.

Gaur ordea Ilunabar Aldea ofizialki inauguratzera gatoz: rol jokoetatik abiatuta nahieran kontsumitzeko moduko euskarazko fikzioa sortzeko  proposamena. Edo nahiago bada, euskal rolkast|erako lehenengo proposamena.

Rol joko deritzegu pertsonaiak elkarrekin interpretatuz istorioak modu kolaboratiboan bizitzeko aukera ematen duten fikziozko jolasei. Arau batzuen eta eszenatoki baten baitan elkarrekin inprobisatutako antzezlan edo literatura kooperatibo eta erdi-inprobisatu kontsideratu genitzake.

Hitzean eta ahotsean oinarritutako jokoak izaki, bereziki egokiak dira irratira fikzio nobelatu (baina hein batean inprobisatu) forman ekartzeko, eta aukera interesgarriak zabaltzen dituzte beste aukera multimedia eta, are, transmedia batzuk esploratzeko (web bidezko zuzeneko streaming ekitaldiak, sare sozial bidezko interakzioa audientziarekin, hizkuntza ikasteko eta hobetzeko materialgintza…). lunabar Aldeak euskarazko podcastgintzan leku bat egin nahi dio rol jokoei, horretarako kulturaren alorreko eragile ezberdinak (antzerkia, literatura, telebista, zientzia, bertsolaritza, kirola…) gonbidatuz istorio hauetan parte hartzera.

Ideia, berez, idatzizko eta ahozko literaturaren, aurrez argitaratutakoaren eta berehalakotasunean sortutakoaren, autorearen eta narrazio kooperatiboaren arteko irratirako (eta agian etorkizunean beste medio batzuetarako)  forma garaikide berriak esploratzea da.

2019 proba-eremua izan da. Audio-gerrila aroa. Gonzo rolkastgintza.

Bilbo Hiria Irratian, Etxeandia garagardotegia, Hondarribiko liburutegia eta Durangoko Azokako Kabi@|ren domoa izan ditugu jokaleku eta probaleku. Grabaketak egin ditugu ahal izan dugun moduan. Mikro garestiekin eta merkeagoekin. Hondoko zarata gehiagorekin eta gutxiagorekin. Hanka sartu dugu (eta sartuko dugu berriro eta hobeto), asmatu dugu, barre egin dugu eta beldurtu gara elkarrekin.

Zazpi Frekuentzia eszenarioaren bigarren instantzia, Durangoko Azokan.

Orain uzta jaso eta lehen probak argitaratzea tokatzen zaigu. Apurka igotzen joango gara Mito Baten Heriotza (Kult: Divinity Lost), Antizarra (Cthulhuren Deia), Zazpi Frekuentzia eta Gaussen Efektua (AtopiaRPG). Saio inperfektuak izango dira, eta hala defendatzen ditugu: norbait hasi behar da euskal rolkastak gaizki egiten ondo egiten hasi baino arinago, eta gu prest gaude sakrifikatzeko.

2020a deika dugu eta ekarriko ditu saio berriak, asmo berriak, egoitza berriak, bide berriak.

Ordurarte adi seinaleari, eta on egin!

Ongi etorri Ilunabar Aldera.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.