ARGIA.eus

2022ko ekainaren 25a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-03-31 13:23

2022/04/01.- Euskal Herrian ez dugu haragirik izango honek horrela jarraitzen badu! Ekoizpen sektore bat gehiago daukagu hil edo biziko egoeran. Haragia ekoizteko beharrezko diren kostuak etengabe igotzen ari dira jada urte eta erditik ona, eta beti bezala, baserritarren jasotzen duten prezioa zentimo gutxi batzutan mugitu da.

30 urte baino gehiago daramatzagu prezio ia berdinetan lanean, guk ordaindu beharreko lehengaien eta energiaren prezioa bortizki goraka joan den bitartean. Honela ezin daiteke lanean segi!

Atzerrian ere aitortutako kalitateko haragia da guk ekoizten duguna, baina ez dugu inolaz ere zor zaigun preziorik ordaintzen. Zerealen prezioaren %80ko igoera baten aurrean gaude, txahal gizenketan berebiziko garrantzia dutenak, eta hauek eutsi behar diote beste guztiaren gorakada.

Haragiaren zikloa hasieratik bukaerara ulertu behar da. Gure herrian hain sustraituta dauden larre behietatik sortzen dira txahalak. Behi hauek dira gure belardi eta mendi larreak mantendu, ongarritu eta garbitzen dituztenak. Basa animaliek beste lurralde batzuetan bezalaxe, ekosistemak, flora eta fauna zaintzen dutenak. Behi hauek, eta hauekin lan egiten duten abeltzainak dira elkarlan egiten dutenak!

Txahal hauek dira ondoren, gizendu eta kalitate eta zapore bikainez gure platerean gozatzen ditugunak, zikloa itxiz, bideragarri eginez gurpila. Edo ez? Gaur salatu nahi dugun egoeran inolaz ere ez! 

Espainiar estatu guztian txahal haragiaren prezioa izaten ari den gorakada izugarria haragi faltak eta ekoizpen kostuen gorakadak bultzatua da. Lotsagarria da, izan ere, euskal abeltzainoi estatuan baino merkeago ordaintzen ari zaizkigu txahala, eta hori, kalitatezko marka potente bat dagoenik, Euskal Okela, teorian bertako produktuaren alde lanean ari den distribuzioa dagoenik, eta sentsibilizatutako kontsumitzailea dagoenik, estatuko beste lurralde batzuetan baino eros ahalmen handiagoa duena.

Dei egin nahi diegu bertako okela erosten duten haragiaren kateko eragileei, TXAHALAREN PREZIOA EGOKI DEZATEN BEHAR DEN NEURRIRA, izan ere, gaurko kostuekin gutxieneko prezioa ia 6 €/kanal kilo inguruan beharko bailuke, baserritarrek bertan ekoiztu eta bertan saltzen jarraitzea nahi badute, bederen.

EHNE eta ENBA nekazal sindikatuok deia luzatu nahi diegu ere abeltzain denei, handiago nahiz txikiago, erabateko jarduneko edo ez, beren txahalen prezioa defenda dezaten! Nahikoa da gehiegikeriez! Eta halaber jakinarazi, txahalen bidalketak antolatzen hasiko garela hemendik kanpora, bertan ez badute gure produktua, gure haragia balio duen adinako balorean jarri nahi, guri soldata galaraziz, maiteago gaituzten beste merkatu batzuetara eramango ditugulako. Jarri gurekin harremanetan, ez oparitu horrenbeste lan eta esfortzu kostatu zaizun hori!

Ez dugunean, oroitzen gara geneukanaz, eta hemen ere erreakzio azkar eta irmoa ematen ez bada, Euskal Okela eta bertako haragia, historia izatera pasako da.

ORDAINDU BASERRITARROI ZOR ZAIGUNA! 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Baserritar elkartea