Batzar orokorretan erabilerak gora
Urteko batzar orokorrak kooperatiben erabakigune nagusietako bat dira. Iritziak trukatzeko, galderak egiteko eta erabakiak hartzeko gune izan dira historikoki. Gaur egun, zenbaitetan, funtzio hori formaltasunaren mesedetan lausotzen ari bada ere, batzarrek kooperatibaren plaza nagusi izaten jarraitzen dute: bazkideak elkartu, kontuak eman eta etorkizunerako erabaki nagusiak hartzen diren espazioa dira. Horregatik, euskarak bertan duen lekuak esanahi berezia dauka.
Gogoan dut 2000. urtea baino lehen gaztelaniaz hezitako lehendakari euskaldun askok egiten zuten ahalegina batzarretako azalpenak euskaraz emateko. Sarritan testua gaztelaniaz prestatzen zuten, eta ondoren euskaratzen laguntzen genien, batzarrean euskaraz jardun ahal izateko. Orduan irekitako bideari jarraituz, euskararen erabilerak gora egiten jarraitzen du gaur egun ere.
Aurten aztertutako 36 kooperatibetan, ahozko euskararen erabileraren batez bestekoa %74,8koa da, eta erakundeen %76,5ek %70eko erabilera maila gainditzen dute. Idatzizko erabileraren batez bestekoa, berriz, %63,2koa da. Jaitsiera azaltzen da zenbait kooperatibatan ahozko azalpenak euskaraz egin arren, dokumentazioa gaztelaniaz edo ele bitan aurkezten delako.
Bilakaeraren pertzepzioak ere joera positiboa erakusten du: erakundeen %58k euskararen erabilerak hobera egin duela uste du, eta beste %22k erabilera egonkor mantendu dela adierazten du. Aldiz, ia %17ren esanetan erabilerak beheranzko joera izan du.
Datu horien atzean ez dago kasualitaterik, urteetan eraikitako estrategia eta konpromiso multzo bat baizik: hizkuntza irizpideak adostu dira, arduradun eta hizlariei euskaraz egiteko babesa eman zaie, hitzaldiak prestatzeko trebakuntza eskaini da, dokumentazioa eta terminologia landu dira, eta ulermena bermatzeko baliabideak jarri dira.
Ez da kontu txikia. Batzarretan gai ekonomikoak, estrategikoak eta antolakuntzari lotutakoak lantzen dira. Testuinguru horietan euskararen presentzia bermatzea ez da automatikoki gertatzen: aurretiaz adostu, antolatu eta baliabidez hornitu behar da.
Euskaraz ulertzeko baldintzak sortzea
Bide horretan, teknologiak laguntza handia eman du. Aztertutako 36 kooperatibetatik 23k (%64 inguruk) aldibereko itzulpena, interpretazio sistemak edo xuxurlariak erabili dituzte. Horri esker, hizlariek euskaraz jardun dezakete, eta euskara ulertzen ez dutenek mezua unean bertan jaso.
Beste 10 kooperatibatan (%28 inguruan), ez da aparteko sistemarik erabili, parte hartzaileen hizkuntza ezagutza bermatuta dagoelako. Zenbait kasutan, gainera, aurkezpenak, azpitituluak edo bestelako laguntza bisualak erabiltzen dira ulermena errazteko.
Helburua ez da teknologia erabiltzea bere horretan. Helburua da euskaraz egiteko baldintzak sortzea eta, aldi berean, parte hartzaile guztien ulermena bermatzea.
Izan ere, lan munduko batzar orokor jendetsuak euskaraz garatzea oraindik ez da hain ohikoa gure gizartean, oraindik orain, eta egungo testuinguruan, erdalduntze makinak erraz irekitzen baitio bidea dena edo ia dena gazteleraz garatzeko aukerari. Datuek erakusten dute euskarak batzar orokorretan irabazi duen lekua ez dela kasualitatearen ondorio. Hizkuntza kudeaketa aktibo eta kontzientearen, erakutsitako borondatearen eta kooperatiben barruan lortutako akordioen emaitza izan da.
Kasualitatetik kausalitatera egin den bidearen erakusgarria eta lan mundua euskalduntzen jarraitzeko eta euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko eredua.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.