2018-06-29 13:07
Zuzeneango langileek errekurtsoa aurkeztuko diote Administrazioaren alde bakarreko erabakiari, zeren alderdi biek onarturiko eskubide bat, ordutegi-malgutasunarena, Administrazioak de facto indargabetu nahi baitu. Ordutegi-malgutasun horren arrazoia zerbitzu horren berariazko ezaugarrietan oinarritu da, Administrazioaren beste ataletan ez bezalako jendearentzako ordutegiak dituzte-eta.

ELAn onartezina iruditu zaigu eskubideak berriro murriztea erabakitzea, inolako argudiorik gabe, negoziazio kolektiboaren eskubidea eta ordezkaritza sindikala alde batera utziz, eta Zuzeneango langileei dagozkien gainerako eskubideak saihestuz.

Zuzenean zerbitzua etengabeko ordutegian ematen da, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 19:30ak arte, astelehenetik ostiralera; hori dela-eta, lanaldiak eta ordutegiak aparteko moduan arautzen dira.

Izan ere, orain dela 10 urte sinatu zen Zuzeneango ordutegi bereziaren akordioa, eta normaltasunez aplikatu izan da azken urteotan. Hala ere, otsailaren 13an Eusko Jaurlaritzak, bere kabuz, eta inorekin ezer negoziatu gabe, jakinarazi zien langileei, banan-banan, Zuzeneango ordutegien aldaketa, malgutasun-arrastorik utzi gabe.

Euskal Administrazioaren gaitasun politikorik ezak eta kudeaketa ezin txarrago batek arazoa sortu dute, arazorik ez zegoen tokian. Ordezkaritza sindikalak eskatu dio Administrazioari Sektore Mahaian ezarritako neurri horiek erretiratzeko, arazo bat baitira langileentzat zein erabiltzaileentzat, zerbitzu publiko ona emateari dagokionez.

Elatik adierazi genuen, egoera lehengoratu ezean, ekintza sindikalak eta juridikoak bultzatuko genituela Zuzeneanen lan egiten dutenen eskubiak zaintze aldera. Egoera hori salatzeko, 2 orduko lanuztea egin zen martxoaren 31n, Zuzeneango langile gehienek jarraitu zutena.

Administrazioak, bere aldetik, 10 urteko eskubide bat langileei itzuli beharrean, guztiz kontrakoa egin du joan den osteguneko azken bileran, "estuago hartu dute" eta orain esan nahi diete langileei nola eta zein kasutan murriztu ahal izango dituzten lanaldiak, lanaren eta familiaren bizitzen kontziliaziorako. Langileak, beren ordutegi zehatza banan-banan zerbitzu-arduradunarekin negoziatzera behartuko lituzkeelarik.

Eusko Jaurlaritzak propaganda egiten du kontziliazioaren kontura, baina eskubideak urritzen dizkie etengabe bere langileei; eta ondorioz langileek auzitara eraman behar dute Administrazioa, kendutako eskubideen eske.

ELAtik beharrezkoak diren ekintza sindikalak eta juridikoak bultzatzen jarraituko dugu, Eusko Jaurlaritzak sortu duen egoera lehengoratu arte. Ez dugu langileen eskubideen murrizketarik onartuko, are gutxiago administrazioaren kudeaketaren gaitasuneza dela eta. Eta ondorioz, bide juridikoaren batera langileak mobilizazioetara animatzen jarraituko dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.