2020-06-15 10:50
Kalkulu ofizialen arabera foru ogasunen diru-bilketa iazkoa baino %20 edo %25 apalagoa izango da, hots, 3.000 milioi gutxiago EAEn eta 800 Nafarroan.

Krisiak milaka eta milaka langileri eragin die; batzuk lanik gabe geratu dira, eta besteen sarrerak zeharo urritu dira, ERTEa ezarri zaielako. Datozen hilabeteetan, antza, langabezia eta ziurgabetasuna areagotu egingo dira; ez da erraza irudikatzen zenbatekoa izan daitekeen datorkigun astindu soziala.

Honek ez du esan nahi aurreko egoera onargarria zenik; esaterako, pobrezia eta ezberdintasuna hazten ari ziren, baita hazkunde urte oparoetan ere (Eusko Jaurlaritzaren pobreziari buruzko inkestan aipatzen da 2018an 130.000tik gora zirela pobrezia larrian zeuden herritarrak, hau da, 2008an baino %46 gehiago).

Oraingoz erakundeen erantzuna ez da izan krisi larri honek eskatzen duen tamainakoa. Autokonplazentziaz lepo, publizitate eta propagandan murgilduta, 0 fasean daude, ia urrats konkretu bat ere egin gabe. Emaitza da EITBko irudimenezko mundutik haratago (zeinak No-Doa txiki uzten duen) jendeak ez duela ikusten bere egoera hobetu denik. Nonahi entzun daiteke antzeko esaldia, aldaera eta tonu ezberdinetan: “Esaten dute laguntzak badirela, baina gezurra da”.

Erreakzionatzeko unea dugu; erantzun irmo bat behar da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontua gehitu egin behar da. Osasungintzan eta hezkuntzan; gizarte prestazioen hobekuntza nabarmenak eginez, etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak izateko aukera bermatuz, etab.

Alta, horretarako sarrera handiagoak behar dira. Premiazkoa da zerga-erreforma bat Euskal Herriko ogasunek diru gehiago bil dezaten. Erreforma bidezkoa izan behar da, hots, errenta altuek, enpresek eta kapitalak ordaintzen dituzten zergak igo behar dira.

Aukera hori baztertuz gero egungo aurrekontuen mailari eustea ere ezinezkoa izango da. 2008ko krisiaren ondoren defizit publikoa zeharo hazi zen, diru-bilketan jaitsiera handia gertatu zelako (ez gastua gehitzearen ondorioz). Defizit hark zorra sortu zuen, eta zor hau ordaintzea lehentasun izatea erabaki zen, gizarte gastuaren lepotik. Historia errepikatzerik nahi ez badugu zergak igo behar dira, justiziaz.

Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako eta Nafarroako Gobernuko agintariek esaten dute ez dela zerga-erreforma egiteko une egokia. Hori ez da egia. Ezer ez egitea murrizketen bidetik jotzea da; hain zuzen, horixe iradokitzen hasi dira. Duela gutxi Urkullu Lehendakariari egin zioten elkarrizketa batean herri-administrazioko langileei buruz pribilegiodun gisa mintzatu zen, eta esan zuen sakrifizioren bat egin beharko zutela (hitz gutxitan, soldata jaitsierak). Gauza bera aipatu du egun gutxiren buruan Tapia sailburuak. Horrelakorik ez dugu onartuko.

1929ko krisiaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hainbat estatutan Ongizate Estatua ezartzen hasi zenean, hau finantziatzeko neurri oso garrantzitsuak erabaki ziren: zor publikoa barkatzea, aberatsenentzako %90 zerga-tasak, maila jakin batetik gora %50eko ondare zerga... Bada, oraingo unean ere neurri ausartak ezinbestekoak ditugu.

Batetik, erabaki estrukturalak (zerga-presioan Europarekiko daukagun atzerapena gainditzeko, azken postuetan baikaude) eta abagune honi begirakoak (orain behin-behineko errekargu bidez diru kopuru handia biltzeko). Eta behar-beharrezkoa da neurri hauen oinarria justizia fiskala izatea, gehien dutenek gehiago ordaintzea alegia.

Zein da gure proposamena? Zergak igotzea errenta altuei, enpresei eta kapitalari. Sozietateen gaineko Zergan kenketak bertan behera utzi behar dira eta enpresei %20ko errekargua ezarri 2019an izan zituzten etekinen kontura. Ondarearen gaineko Zergan errekargu progresiboa, zerga-oinarriaren %1 eta %10 bitartekoa. Soilik bi bide hauetatik EAEn 3.750 milioi gehiago bilduko lirateke, eta Nafarroan 900 gehiago. Gainera, PFEZaren progresibotasuna areagotu behar da (kapitalarentzako tarifa berezia kendu eta gehienezko tasa %60raino igo).

Neurri horiek guztiek konpentsatu egingo lukete, sobera, aurreikusitako sarreren galera, eta programa sozialak indartu ahal izango lirateke, baita sistema produktiboaren orientazio sozial eta ekologikoa sustatu ere. Ondorioa begibistakoa da: premiazkoa da bidezko zerga-erreforma bat krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.