2020-10-05 12:02
Zaldibar Argitu herri plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bateratua egin dute, kalean erakutsitako kezka eta indarra epaitegietara eramateko garaia dela iragartzeko. Izan ere, bi erakundeetako kideek adierazi dutenez, oraindik orain, bai enpresaren jabeak eta bai zabortegiaren gaineko kudeaketa negargarrian ardura zuzena duten erakunde publikoak eskuak garbitu nahian dabiltza. “Uste dugu, herri konpromisoagatik eta gertaeraren larritasunagatik, herritarron ahotsa epaiketan presente egon behar dela, interes orokorraren alde egingo duen begirada batetik”.

Arrazoi horiek medio, Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herri akusazio modura aurkeztuko dira Zaldibarko zabortegiaren auziaren gainean egingo den epaiketara; katastrofe humano, ekologiko eta sozial honen aurrean erantzukizun zehatzak argitzea eta gertatu denaren gaineko informazio gardena izatea ezinbestekoa da halakorik berriro gerta ez dadin. “Langileek, herritarrok eta ingurugiroak guztion kontura negozioa egiten duten talde klientelarrik gabeko herria merezi dugu, ez diezaiegun utzi lehengo modu berean jokatzera itzultzen, ezer gertatu izan ez balitz bezala eskuak garbitzen”.

Epaiketak izango dituen gastuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina bat jarriko dute martxan. “Guztion ekarpena izango da ongietorria, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan. Herritarrok prozesu guzti honetan ahots propioa izatea oso garrantzitsua izango da”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.