2019-02-11 11:47
ELAk behin eta berriz salatu du adinekoen egoitzetako langileok egunero egin beharreko lan zama izugarri handia dela; baita horrek zaintzaren kalitatean duen eragin kaltegarria ere. Egoera honi aurre egiteko eta egoiliarrak zaintza duina jasotzeko kanpaina jarri du martxan, Zaindu nazazu (gutxienez) bi orduz! Lemapean. Egoera erabat orokortua dago Hego Euskal Herriko adinekoen egoitzatan. Ezin ahaztu erakunde publikoek eta alderdi politikoek dekretu eta legedia desberdinak erabiliz hartutako erabakien ondorio zuzena dela hau.

Azken urteotan ELAk behin eta berriz eskatu du zaintza ratioak igotzea, gizartea gero eta zaharragoa den heinean, gero eta gehiago direlako menpekotasun egoeran dauden pertsonak, eta gero eta anitzagoak profilak. Ondorioz, beharrak ere handiagoak eta konplexuagoak dira. Hori dela eta, ratioak egokitzea aldarrikatu dugu lan baldintzak arautzeko dagozkigun esparruetan; patronalak, ordea, esparru horietatik kanpo utzi nahi izan ditu, aldarrikapen hauen negoziaketa esparruak beste batzuk direla argudiatuz.

ELAk helburu argia dauka: Hego Euskal Herriko zahar egoitzen egoera hobetu. Horretarako, lehenik eta behin, egoera bera aztertu dugu, alegia, adinekoen zaintzari dedikatzen zaizkion denborak eta ratioak (zaintzaile kopurua pertsona bakoitzeko) neurtu ditugu. Emaitzek, zoritxarrez, gure aurreikuspenak konfirmatu besterik ez dute egin.

Irakurri txostena

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.