2018-08-07 10:56
Hamabi eguneko greba egin ondoren, enpresako hitzarmenari bere horretan eustea lortu dute, eta hobekuntza, zuzendaritzak proposatzen zituen murrizketen ordez. Izaskun Ruiz de Galarreta garaipen honen inguruan mintzatu da Landeiaren azken alean.

Agurainen dago WEC enpresa, eta garai batean ETE bat zen; gaur egun, berriz, 150 langile baino gehiago ditu. Zuzendaritzaren lan-harremanetarako filosofia, berriz, beti izan da gatazkaren aldekoa, eta hala adierazi digu Izaskun Ruiz de Galarretak, Industria eta Eraikuntza Federazioko Arabako arduradunak. Enpresaren eta langileen arteko dema horren azken kapitulua hitzarmenaren negoziazioa izan da. Itunera itzuli nahi zuen enpresak, eta zenbait lan-eskubide murriztu. Hori dela-eta, 12 eguneko greba egin dute langileek. Izaskunek azaldu duenez, greba gogorra izan da, baina langileen batasunak atzera egitera behartu omen du enpresa, eta galdategi horretako 150 langileei zenbait hobekuntza dakarzkien hitzarmen bat sinatzera.

Lehenik eta behin, zorionak zuen garaipenagatik.

-Pozik gaude, bai; harro gaude patronalari aurre egin, irabazi eta gure burua errespetarazi izanaz.

WECen zuzendaritza hilabeteak eta hilabeteak ibili zen guri denbora galarazten negoziazio-mahaian, eta, azkenik, haren erruz jo genuen grebara. Izan ere, enpresak uste zuen grebak porrot egingo zuela, burua makurtu eta onartu egingo genuela bere proposamena, hau da, hitzarmena utzi eta enpresa-ituna sinatuko genuela. Hori egin izan bagenu, ez genukeen sinatutakoa betetzeko bermerik izango, soldatak izoztuta izango genituzkeen, eta enpresak nahierara erabiliko zukeen enplegu-malgutasuna.

Baina justu kontrako ondorioak eragin zituen enpresaren harrokeriak eta negoziazioaren aurkako jarrerak: langileok elkartu egin ginen, tinko eutsi genion geureari, ia erabateko greba egin genuen 12 egunez, eta enpresa-hitzarmen berri bat sinatu.

Zein dira hitzarmen horren alderdirik aipagarrienak?

-Lau urterako da, 2018tik 2021era arte; soldatari dagokionez, % 2,5eko igoera izango dugu 2018an, eta KPI + % 0,5ekoa gainerako urte bakoitzean. Lanaldia, berriz, 16 ordu murriztuko da, lehenbiziko urtetik. Gainera, lan-erreformaren aurka ‘blindatu’ egin gara, aurreraeragin mugagabearen eta ez aplikatzeko klausularen bitartez. Dena dela, lorpen garrantzitsuena hau izan da: langile bakoitzaren kategoriaren araberako soldata-igoera nabarmena. Hitzarmenean dago lorpen hori, negoziazioaren helburu nagusietako bat, hain zuzen ere. 2018an, 2.500 euro gehiago irabaziko dute 39 langilek, eta 11k 2019an. Horrez gain, beste zenbait hobekuntza ere lortu dira plusei dagokienez: gaueko lanaren plusa, toxikotasun-plusa…

Zuzendaritzak erronka jo dizue, eta galdu egin du…

-Halaxe izan da, bai. Ez zegoen onartzerik hitzarmena berritzeko enpresaren proposamena; iraingarria zen, nire ustez; langileoi aurpegira barre egiten ari zitzaigula ematen zuen. Hona zer proposatzen zuen enpresak: bost urteko hitzarmena —soldata izoztuta—, erabateko malgutasuna eta, gainera, enpresa-itun batera aldatzea. ELAk etengabe salatzen duenez, enpresa-itunek ez dute eskubiderik bermatzen.

Zenbait bilera egin genituen zuzendaritzakoekin; azkenik, zirt edo zart egiteko esan genien, bestela grebara joko genuela eta.

Data ere ipini genion grebari; orduan, beste proposamen bat egingo zutela esan ziguten, eta greba bertan behera uzteko eskatu, gure borondate onaren seinale gisara edo. Amore eman genuen, baina berriro ere lehengo bidetik abiatu zen zuzendaritza.

Negoziazioan zehar, erabateko harrokeriaz jardun zen zuzendaritza, langileekiko batere errespeturik gabe, eta ez zuen uste aurre egingo genionik. Ez da erabaki samurra izaten greba deitzea, baina egin beharra geneukan, gure duintasuna eta eskubideak babesteko. Hordago jo genuen, eta irabazi.

ELAkoak dira zuen enpresako bederatzi ordezkarietatik zazpi… Zer helburu ditu sindikatuak, epe laburrera, hitzarmena sinatu ondoren?

-Egungo bidetik jarraituko dugu, oso emaitza onak ari zaigu ekartzen eta. Enpresako irregulartasun guztiak salatzen jarraituko dugu; bide judiziala eta sindikala baliatuko ditugu borrokarako. Aurre egingo diogu zuzendaritzari.

Bereziki kezkatzen gaitu lan-istripuen kopuruak: ezbehar asko izaten ditugu, larriak batzuk (lankide bat ospitalean dago apirilaz geroztik). Kontzentrazioak egin ditugu, salaketak jarri ditugu Lan Ikuskaritzan… Baliteke beste urratsen bat ere egitea gai hori dela eta.

Bestalde, hor dago lege-iruzurreko kontratuen gaia ere. Salaketa bat aurkeztu genuen Ikuskaritzan, zeinak kontratu mugagabe pilo bat egiteko agindu baitzion enpresari. Baina enpresa ‘bere erara’ ari da egiten kontratuak. Ohiko jarrera, alegia. Beraz, oso gertutik jarraituko dugu kontratazioa ere.

Izan ere, borrokaren eta mobilizazioaren bidez lortu ditugu WECeko langileek ditugun eskubide guztiak. Horrela izan da orain arte, eta enpresak bide horretatik jarraitzen badu, hortzak erakutsi beharko dizkiogu berriro ere.

Zer ondorio eta ikasbide atera daitezke WECeko negoziazio-prozesutik sektoreko beste enpresa batzuetan aplikatzeko?

-Nabarmenena, honako hau: antolakuntza eta borroka dira helburuak lortzeko bidea. Bestalde, federazioak erabaki zuen 2018ak inflexio-puntua izan behar zuela negoziazio kolektiboari dagokionez, egoera ekonomikoak aukera ematen baitu krisiaren aitzakiapean azken urteotan lapurtu digutena berreskuratzen hasteko. WECen ekin diogu jada zeregin horri.

Azkenik, ez nuke amaitu nahi elkarrizketa hau ELAko ordezkarien (9tik 7) eta langile guztien lana aipatu gabe, duintasun eredugarriz jardun baitira denak. Gainera, jende gazte asko duenez enpresak, ziurtatuta dago etorkizuneko jarduera sindikala; alde horretatik, baikorrak gara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.