2020-02-20 10:17
Urtebete baino gehiagoko negoziazioen eta bilera huts askoren ondoren, Ibarrako VOITHeko Langileen Batzordeak (6 ELA, 3 LAB), beharginen babes zabalarekin, 6 greba egun deitu behar izan ditu martxoaren 4, 11, 17, 18, 24 eta 25erako.

Negoziazioak desblokeatzeko helburuarekin deitzen dira greba egun horiek, baina, batez ere, enpresan gero eta normalizatuagoa den prekarietatearekin amaitzeko.

Egun, VOITH-eko langileek eduki garrantzitsuez osaturiko enpresa-hitzarmen bat dute urteetan burututako borrokei esker. Hala ere, azken urteotan, VOITH-eko zuzendaritzak, alde abtetik, azpikontrata eta ABLEen erabileraz aprobetxatuz, eta bestetik, jende prekarizatuenaren (gazteak eta emakumeak) kalteberatasunaz baliatuz, enpresa-hitzarmena alde batera uzten saiatu da behin eta berriz. Horrek, noski, ahalbidetu du ahulenei gainerako langileen baldintzak aplikatzeari uztea.

Dena den, egoera hori ez da nobedade bat. Dagoeneko izen handiko enpresa gehiegi dira, batik bat industriaren sektorean, berdin jarduten dutenak: lan erreformek beren eskura jarri dituzten lege trikimailuak erabiltzen dituzte, hainbeste borroka eta greba egun kostatu zaizkigun lan -eskubideak baztertzeko.

Izan ere, Voitheko Batzordeak argi dauka: "Hitzarmena betetzea eta eskatzen diren parekatzeak ez dakarte inolako ahalegin ekonomikorik tamaina honetako enpresa batentzat; baina errealitatea da langileak zatitzea eta etorkizuneko belaunaldiak gaitzestea baino bilatzen ez duen enpresa eredu baten aurka ari garela borrokan. Eta hori da gustatzen ez zaiena".

Hitzarmena errespetatzeko dago, eta guztiona da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.