2021-01-15 13:35
Osakidetzako gehiengo sindikalak mobilizazioen dinamikarekin jarraitzen du, eta gaur goizean greba deialdia erregistratu dute lantoki guztietan, urtarrilaren 28rako. Sindikatuek kritikatu dutenez, Osasun Sailak inposizioaren, informazio eta negoziazio faltaren, inprobisazioaren eta propagandaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. "Mobilizazioa beste biderik ez digu uzten, Osakidetzaren egiturazko arazoei konponbide erreal eta eraginkorrak emateko; pandemiarekin gabezia horiek larriagotu egin dira, eta lantokietan bizi den egoera jasanezin bihurtu dute", salatu dute.

Horren guztiaren erakusgarri ezin hobea da Osakidetzako zuzendari nagusiak atzo eman zien erantzuna. Mahai sektorialaren bilera-deialdia hilaren 21erako aurreikusita zegoela jakinda, sindikatuei proposatu zien bilera horretarako bi aztergai eramatea, bertan aztertu eta negoziatzeko. Bada, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok, Mahai Sektorialeko eta sektoreko ordezkarien %90 baino gehiago dutenek, proposamen bateratu bat aurkeztu zuten haien aldarrikapen-plataformako bi puntu jorratzeko. Hala ere, benetako negoziazioa irekitzeko eta neurri zehatzak mahai gainean jartzeko borondaterik ez duela agerian utziz, Osakidetzak uko egin zion beren proposamenari, proposamena Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatu guztiek aho batez egin behar dutelako aitzakiatan.

Inposaketaren eta ezkutuan ibiltzearen bide horretatik beretik, joan den asteazken arratsaldean komunikabideen bidez jakin zuten osasun-langileei txertoa jartzen hasiko zitzaiela. Horrekiko esan behar dute joan den ostiralean, hilak 8, bilera bat egin zela txertaketa-prozesuari buruzko informazioa emateko, eta bilera horretan argi geratu zela gai gehienak airean zeudela eta prozesuaren plangintza oraindik hastapenetan zela. Bada, ustekabean eta ziur aski bat-batean pentsatuta, joan den asteazkenean, propaganda-helburu nabariaz, Osasun-sailburuak iragarri zuen lau haizeetara osasun-langileen txertaketari hasiera ematen zitzaiola, eta sindikatuek horren berri komunikabideetatik jakin zuten. Benetan iragarri zena zera izan zen: txerto baten 1.400 dosi jaso zirela, eta horietatik 700 jarriko direla. Gogorarazi behar da Osakidetzako plantillan 40.000 langile aritzen direla, eta, beraz, benetan egin dena profesional gutxi batzuen ohiz kanpoko txertaketa izan da, besterik ez. Eta horren plangintza bat-batean egin da; eta, jakina, ezkutuan, sindikatuei dagokienez behintzat.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek sektorearen egoera larria iraultzeko neurriak eskatu dizkiote Osaklidetzari: Osasun publikorako aurrekontu-partida bat esleitzea, EBko batez bestekoarekin parekatzeko modukoa (osasun-aurrekontuaren %25 lehen arretara bideratuz); plantilla handitzea, egiturazko plantillan iruzurrean ezkutatuta dauden postuak sartuz; behin-behineko langileak finko bihurtzea; murrizketa guztiak lehengoratzea; pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzea; eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak ezartzea.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.