2020-09-23 11:49
Administrazioak erantzunik eman ez duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-arloko sindikatuek manifestazioak deitu dituzte urriaren 2an EAEko hiru hiriburuetan, ikastaro presentzial, seguru eta adostu baten alde, eta gainerako hezkuntza-eragileei eta gizarte osoari horietan parte hartzeko deia egin diete. Egunero gela konfinatuak ugaritzen ari direla ikusita, sindikatuek ohartarazi dute Hezkuntza Sailak osasun-neurriak bermatzeko behar diren baliabideak planifikatzen, helarazten eta ahalik eta lasterren martxan jartzen ez baditu, transmisio-arazoak areagotu egingo direla gure ikastetxeetan.

ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute, halaber, oraindik ere ez dutela inongo proposamenik jaso Hezkuntza Sailaren aldetik baliabide gehigarriak negoziatzen hasteko, nahiz eta irailaren 15eko grebak arrakasta handia izan eta sailburuak berak negoziatzeko borondatea agertu mobilizazioaren garrantziaz ohartu eta gero. Gehitu dutenez, horrek berretsi egiten du grebaren bezperan sailburu berriarekin egindako aldebiko bileretatik sindikatuek ateratako ondorioak: "Alde batetik, Hezkuntza Sailak osasuna eta hezkuntza bermatzeko irizpide komunei, neurri gehigarriei eta baliabide-aurreikuspenei dagokienez plangintzarik gabe jarraitzen duela. Horien adibide argienak eskoletan egiten ari diren tokiko mobilizazioak dira. Eta, bestetik, sailburuaren eta Lehendakariaren ondorengo adierazpenak, bai eta gehiegizko gutxieneko zerbitzuak berandu eta gehiegikeriaz argitaratu izana ere, besteak beste, garbiketako langileentzat, premia bereziak artatzeko hezitzaileentzat edo haur-eskola txikientzat, grebarako eskubidea urratuz, mobilizazioa, greba eta horien bidez salatu eta azaleratu nahi ziren arazoak ikusezin bihurtzeko eta desaktibatzeko saiakera baino ez zen izan ".

Sindikatuek azpimarratu dute, halaber, azken egunotan ekimen ugari egin direla ikastetxeen kolektiboen arazoak ikusarazteko, eta, ondorioz, Hezkuntza Sailak erantzunak eman behar izan dituela, modu mugatu eta partzialean izan bada ere. Gauzak horrela, sindikatuek uste dute hezkuntza-eragile guztiak mobilizatzea dela Hezkuntza Saila plangintza integral bat mahai gainean jartzera behartzeko modu bakarra, irizpide komunekin eta beharrezko baliabideekin.

ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuen eskaerak argiak dira: langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babesarako Ekipamenduak ikastetxeetan egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz; espaziorik ez dagoen eskoletan bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; curriculumaren egokitzapen eta murriztea, ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz; egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak ematea.

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.