2018-10-26 09:12
ELAk urriaren 27an Donostian erraustegiaren aurka egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. Manifestazioa Mendeurren Plazatik aterako da #erraustegiagelditu lelopean. Hainbat mugimendu sozial eta sindikalek deitutako mobilizazio honetan (Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Gipuzkoa Zutik, GEIS/OEIT, ELA, LAB, CCOO, ENHE, ESK, STEE, HIRU, ERNAI, Eguzki, Greenpeace eta No + precariedad), gipuzkoako herritarren ezinegona islatu nahi da; baita obrak behin betiko gelditu fitzaten exijitu ere.

Eragileen ohar bateratua

Gizartea anitza da eta deialdi hau ere horren lekuko da. Gipuzkoako erraustegiko lanak gelditu eta kontratua eten edo deuseztatu behar dela aldarrikatzeko arrazoak ugariak eta anitzak dira. Aldarrikapenean, baina, deitzaile guziok bat egiten dugu. Talde bakoitzak bere arrazoiak jarri ditu mahai gainean: ingurumena, osasuna, ekonomia, jasangarritasuna, demokrazia, etorkizuneko Europaren bideari eta ekonomia zirkularrari eustea… Baina bada arrazoi bat gizarte osoak konpartitu dezakeena: garaiz gaudelako, mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako eta inposaketarik onartzen ez dugulako. Esan diezaiogun ezetz sinatutako kontratuari! Lehenetsi ditzagun osasuna, ingurumena eta herritarron interesak.

Horregatik guztiagatik, eta agintean daudenek herritarron nahia kontuan hartu behar dutelako antolatu dugu manifestazio hau.

Azken urte honetan, 2018an, eta arrazoi ezberdinak tarteko (osasuna, ingurumen baimenak, jasangarritasun ekonomikoa, legediaren errespetua…), atzerriko herrialdetan gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte; espainiar estatuan beste lau.

Berton ere posible da eta oraindik garaiz gabiltza. Gure etorkizunagatik, gure ongizateagatik, urriaren 27an kalera atera behar dugu, #erraustegiagelditu dezaten ozen aldarrikatzera.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.