Inkesta honen arabera, 2008tik 2018ra bikoiztu egin dira oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten etxeetan bizi diren pertsonak. 66.241 (%3,1) ziren 2008an eta 121.659 (%5,6) dira gaur egun. 2016tik hona ere gora egin du kopuruak; hain zuzen, gaur egun 4.400 pertsona gehiago daude egoera horretan.
Egoera larria izan arren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Gizarte-larrialdiko Laguntzak behin eta berriro erreformatu dira, eta, aldiro, murrizketa gero eta gehiago eta kontrol gero eta gehiago ezarri dira, eta prestazio horien hartzaileak kriminalizatzera jo da. Era honetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko asmoa dutela EAJ eta PSEk salatu du ELAk. “erreforma horren xedea da gaur egun indarrean diren murrizketak finkatzea eta beste atzerapauso batzuk gehitzea”.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan datu hauek agerian uzten dute Urkulluren agintaldia; izan ere, pobreziak gora egin du nabarmen. “Pobrezia areagotzen gainera, noiz eta hazkunde ekonomiko bete-beteko garaian eta enplegua sortzen ari denean, eta, orobat, desoreka sozialak gero eta handiagoak dira”.