2020-05-26 11:38
ELAk Urkullu lehendakariari eskatu dio, argi eta garbi azal dezala, eta hauteskundeen aurretik, zer asmo dituen EAEko zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonei dagokienez.

Lehendakariak oso azkar ahaztu du zerbitzu publikoetan lan egiten duten eta bizitza arriskuan jarri duten milaka pertsonen konpromisoa. Madrilgo presidentearen ildotik, asteburu honetan honako hau adierazi du: "ERTEn dauden 190.000 pertsonatik gorako kolektiboaren aurrean beste kolektibo bat dago, lan-egonkortasuna eta lanpostuaren bermea dituena. Eta ez daukat zalantzarik funtzionarioek kontuan hartuko dutela sektore pribatuan egiten ari diren ahalegina".
Hitz horiekin segida eman zion Joseba Egibar alderdikideak, duela hilabete baino gehiago Berriari egindako elkarrizketa batean esandakoari," Langile publikoek krisitik ateratzeko beren ekarpena egin beharko dutela" hain zuzen.

ELAk salatu nahi du Urkullu lehendakariaren eta Joseba Egibarren helburua ez dela kolektiboen arteko elkartasuna, baizik eta zerbitzu publikoetako langileak jomugan jartzea, eta, bide batez, beren lan-baldintzetan eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan murrizketa gehiago ezartzea.

Deigarria da, elkarrizketa osoan zehar Lehendakariak errenta altuei edo enpresa-etekinei zergak gehitzeko aukerari buruz txintik ere ez esatea, aurreikusten duen aurrekontu-defizitari aurre egiteko.

Lehendakaria gezurra dio “bere lanpostuan lan-egonkortasuna eta bermea dituen” kolektibo bati buruz hitz egiten duenean. Aurrekontu publikoak murrizteko egindako apustu sistematikoak, langile publikoen %35ek baino gehiagok aldi baterako kontratua izatea ekarri du.Gaur egun, Osakidetzako 15.000 langile baino gehiago aldi baterakoak dira, 13.000 hezkuntzan, milaka Administrazio Orokorrean… 40.000 pertsona inguru dira aldi baterako kontratua duten langileak, Urkullu lehendakariak zuzentzen duen eremu publikoan. COVID-19aren aurretik, eremu publikoan behin-behinekotasunaren ehunekoa 12 puntu handiagoa zen sektore pribatuan baino, eta langile publikoen eros-ahalmenaren galera% 13koa azken hamarkadan.

ELAk, Urkullu lehendakariari galdatzen dio gardentasun-ariketa bat egin dezala eta argi eta garbi azal dezala, uztailaren 12ko hauteskundeen aurretik, zer erabaki hartuko dituen enpleguari eta langile publikoen lan-baldintzei buruz, langile horiek botoa eman baino lehen jakin dezaten beren lanpostuarekin eta lan-baldintzekin zer gertatuko den. Eskaera hori hauteskundeetara aurkezten diren gainerako alderdi politikoei ere luzatzen diegu.

Pandemia honek oso ikasgai argia utzi digu: guztiz funtsezkoa dela zerbitzu publikoak indartzea.

Ez da zerbitzu publikoetako gastua nola murriztu eztabaidatzeko garaia, indartzen diren moduaz hitz egitekoa baizik. Krisi honek zaintzaren sektoreak pribatizatzeko apustuaren porrota ekarri du. Zerbitzu publikoak indartzeko garaia da, plantilla gehiagorekin eta lan-baldintza hobeekin. Horixe da gizarteak eskatzen duena eta pertsona horiek hilabete hauetan (ere) irabazi dutena.

Horregatik, ELAk ahalegin guztiak egingo ditu zerbitzu publikoak indartzeko eta baliabide publikoak pertsonen zerbitzura jartzeko, hala nola langileak antolatzeko, mobilizazio sendo eta jarraituen bitartez, oraingoan ere, langile publikoak ez daitezen izan krisi honen paganoak. Gizarte osoak funtsezko zerbitzuetako langileei emandako txaloak entzuten jarraitu nahi dugu, eta aliantzak bilatuko ditugu beste erakunde sindikal eta sozial batzuekin, ahalik eta erantzun irmoena emateko helburuarekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.