2020-06-03 18:00
ELAk berriro eskatzen du, argi eta garbi eta hauteskundeak egin aurretik azaldu dezala zer asmo dituen EAEko zerbitzu publikoetako langileei dagokienez. EAEko hiru langile publikotatik bat aldi baterakoa da.

Lehendakariak Euskadi Irratian gaur egin dituen adierazpenen aurrean, berriz ere “elkartasuna” eskatuz langile publikoei, lanpostua "bermatuta" dutelako, "sektore pribatuaren sakrifizioak ezagutzen dituztelako", eta “administrazioko langileen eta haien mende ez daudenen artean arrakala nabarmena dagoelako”... ELAk honako gogoeta hau egin nahi du:

 

  • Badirudi lehendakariak oso azkar ahaztu duela zerbitzu publikoetan lan egiten duten eta bizitza arriskuan jarri duten milaka pertsonen konpromisoa.

  • ELAk salatu nahi du Urkullu lehendakariaren hitz horiek, aurreko bere hitzekin eta Arantxa Tapiaren asteburukoekin bat egiten dutenak, ez dutela kolektiboen arteko elkartasuna bilatzen, baizik eta, beste behin ere, zerbitzu publikoetako langileei eta, bide batez, beren lan-baldintzetan eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan murrizketa berriak aplikatzea.

  • Lehendakariak, aurreko ohar batean adierazi genuen bezala, berriz ere gezurra dio "lan-egonkortasuna duen" ustezko kolektibo bati buruz diharduenean. Aurrekontu publikoak murrizteko egindako apustu sistematikoak langile publikoen %35ek baino gehiagok aldi baterako kontratua izatea ekarri du. Gaur egun, Osakidetzako 15.000 langile baino gehiago aldi baterakoak dira, 13.000 Hezkuntzan, eta Eusko Jaurlaritzan bertan langileen %60 inguru aldi baterakoak dira. 40.000 pertsona inguru aldi baterako dira Urkullu lehendakariak zuzentzen duen eremu publikoan.

  • Langile publikoen erosteko ahalmenaren galera %13 ingurukoa da azken hamarkadan.

  • Gaur egun ia 100.000 langile baino gehiago daude azpikontratatuta zerbitzu publikoetan, asko eta asko emakumeak eta zaintza-eremukoak, kasu askotan, hileko 1.200 eurotatik oso urrun daudenak, Administrazioa finantzatzailea edo zerbitzuaren zuzeneko arduraduna delarik.

 

ELAk berriz ere eskatu dio Urkullu lehendakariari gardentasun-ariketa bat egin dezan, eta azal dezala uztailaren 12ko hauteskundeak baino lehen, zer erabaki hartuko dituen enpleguari eta langile publikoen lan-baldintzei buruz, langile publikoek, botoa eman aurretik jakin dezaten euren lanpostuekin eta lan-baldintzekin zer gertatuko den. Eskaera hori hauteskundeetara aurkezten diren gainerako alderdi politikoei ere helarazi diegu.

 

Pandemia honek oso ikasgai argia utzi digu: guztiz funtsezkoa dela zerbitzu publikoak indartzea. Ez da zerbitzu publikoetako inbertsioa nola murriztu eztabaidatzeko garaia, indartzeko moduaz hitz egitekoa baizik. Krisi honek zaintzaren sektoreak pribatizatzeko apustuaren porrota ekarri du. Zerbitzu publikoak indartzeko garaia da, langile gehiagorekin eta lan-baldintza hobeekin. Horixe da gizarteak eskatzen duena eta pertsona horiek hilabete hauetan (ere) irabazi dutena.

 

Horregatik, ELAk ahalegin guztiak egingo ditu zerbitzu publikoak indartzeko, baliabide publikoak pertsonen zerbitzura jartzeko, eta langileak antolatzeko, mobilizazio sendo eta jarraituak eginez, langile publikoak ez daitezen berriro izan krisi hau ordaintzen dutenak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.