2018-05-29 09:51
"Hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugu". Horrela dio LABek EAEko Hezkuntza Publikoko greba, mobilizazio eta akordioen balorazio oharrean. Eta ados gaude. Hori da hain zuzen ere arazoa. Azken 7 urtetan negoziazio mahaiek eman zezaketena hutsaren hurrengoa izan da. Greba eta mobilizazioekin hasi eta indartu ditugun arte negoziazio mahaiek ez dute ezer eman.

Hori da hain zuzen ere sindikalismoaren muina: greba eta mobilizazioaren bidez patronala, publikoa zein pribatua, emateko prest ez dagoena ematera behartzea. Are gehiago politika neoliberalak eta prekarietatea erabat hedaturik eta patronalak guztiz harrotuta dauden honetan.

EAEko Hezkuntza Publikoan ia 6 urte kosta zaigu Eusko Jaurlaritza inposatzen ari den murrizketa politikari tamainako erantzuna ematen hastea. Baina lortu dugu hezkuntza publikoaren egoera eta beharrak jendartearen eta eztabaida politikoaren lehen lerroan jartzea. Sektore guztietan izugarrizko jarraipena izan duten greba eta mobilizazioak egin ditugu. 7 greba egun, ehunka batzar, dozenaka elkarretaratze eta mobilizazio. Zein baino zein indartsuagoak. Zorionak posible egin duzuen guztioi.

Eusko Jaurlaritza eta bere murrizketa politiken aplikazioa egoera konplikatuan jartzea lortu dugu.

Oso jarraipen zabaleko grebak abian, gobernua estu hartua genuelarik eta mobilizazio indartsuak aurretik... LABek lehenik eta STEILASek ondoren, grebak eta mobilizazioak bertan behera utzi eta hezkuntza publikoak dituen arazo larriei zein langileen aldarrikapenei erantzuten ez dieten akordioak sinatu dituzte. Sinatzaileek ez dute akordioen inguruko defentsa sutsurik egiten. Momentu horretan negoziazio mahaiek eman zezaketen onena dela, abiapuntu dela, hainbat puntu garrantzitsu ez direla jasotzen, hutsuneak badituela, etorkizuneko negoziazioetan hobetuko dela... diote.

Nabaria da EAEko Hezkuntza Publikoaren arazo nagusienek bere horretan dirautela: Plantilla eskasia eta lan-karga handiak, eskandaluzko behin-behinekotasun eta ezegonkortasuna, bajen zigortzea gobernu borondatearen menpe, erretiro lagungarririk ez, hezkuntza behar berezietarako irizpideak gogorturik, Haurreskoletan kuota izugarriak eta matrikulazioa beherantz, soldatak murrizturik eta erosahalmen galera oso handiak, sektore prekario eta feminizatuenetan soldata arrakalak bere horretan...

Eta hau guztia ez da okerrena. Zilegi baita gogor borrokatu ondoren, borrokak gehiagorako ematen ez duenean edo jarraitzeko gaitasunik ez dugunean, akituta gaudenean... ordura arteko borrokaren fruituak jasotzea eta berriro ere indarrak hartu eta antolatzeko prestatzen hastea. Hau guztia, ordea, 7 greba egun egin, zein baino zein arrakastatsuagoak, eta milaka pertsona mobilizaturik geundenean egin da; Eusko Jaurlaritza oso estu harturik genuenean eta mugitzen hasia zenean; gure oinarrizko aldarrikapenei erantzun ezean mobilizazio gehiago eta sendoagorekin erantzuteko prestatzen ari ginenean.

Akordioak eta adierazpenek, sinaturikoaren eskasia eta gabeziak agerian uzteaz gain, azken urteetan gertaturikoarekin eta gobernuaren jarrerekin bat ez datorren mezu ulergaitz bezain arduragabea azaleratzen dute: 7 greba egunekin lortu ez duguna, grebarik gabe, hurrengo hilabeteetako batzorde edo negoziazio mahaietan lotuko dugula. Politika neoliberalei, murrizketa politikari edo zerbitzu publikoak desegiteko ahaleginari aurre egiteko estrategia eta pedagogia sindikal eskasa.

Horregatik dio ELAk askoz ere eduki hobeak lortzeko aukera paregabea galdu dela edo hoberena oraindik ere etortzeko zegoela. Horregatik iruditzen zaio ELAri arduragabekeria handia baldintza hauetan eta eduki hauekin akordioak sinatu eta mobilizazioa eten izana.

Sindikalismoaren lana ez dugu uste denik momentu bakoitzean negoziazio mahaiek eman dezaketena lotzea; ez behintzat mahai horietako edukiek politika neoliberalen eta murrizketen bidez lapurtu digutena berreskuratzeko balio ez badute, zerbitzu publikoen oinarrizko beharrak asetzen ez badituzte edo gure aldarrikapenei erantzuten ez badiete. Guztiz bestela, sindikatuon lanak langileak murrizketa politika hauetaz jabe araztea, antolatzea eta buelta emateko borrokatzen laguntzea beharko luke, momentu jakin batean mahaiak ematen ez duena eman dezan behartzeko. Are gehiago langileak prest badaude eta aldarrikapen, greba eta mobilizazioek jarraipen handia badute.

Horretan aritu da ELA hasieratik. Askotan LABek grebetarako ezarri dituen zailtasun eta oztopoei aurre eginez eta momentu oro sindikatuon arteko batasuna mantentzeko ahalegin guztiak eginez. ELAren helburua gobernuen murrizketa politikei aurre egitea da, horretarako, momentu oro, abian jartzeko gai garen mobilizazioen bidez, gure eskura ditugun baliabide guztiekin eta prest dauden sindikatu eta eragile ezberdinekin. Horretan jarraituko dugu hemendik aurrera ere.

Sinaturiko akordioek, abian jartzea asko kostatu zaizkigun eta oso indartsu genituen mobilizazioak bertan behera utzi dituzte. Sektore bakoitzeko aldarrikapenak aintzakotzat hartuz mobilizazioei jarraipena eman izanez gero lor genitzakeen edukiak zapuztu. Eta ia 8 urtez pairatzen ari garen murrizketei buelta eman eta hezkuntza publikoak ezinbesteko dituen baliabide eta inbertsioak gure eskuetatik aldendu dituzte.

Azken urteetan murrizketa hauek eta politika neoliberalak ezartzen ari direnek, LOMCE eta Heziberri inposatzen, PISA eta kanpo ebaluazioak ezartzen edo hezkuntzaren gaitzen ardura langileon bizkar jartzen ari direnek lasaitu ederra hartu dute.

Akordioek, ordea, inola ere ez diete erantzuten hezkuntza publikoaren behar eta oinarrizko aldarrikapenei. Hori dela eta, ELA, orain arte egin moduan, akordio hauek suposatzen dutena langileen artean zabaldu eta gure behar eta aldarrikapenei erantzuteko berriro ere mobilizazioa aktibatzen saiatuko da. Azken urteetako sektore ezberdinetako garaipenek eta hezkuntza publikoko azken bi ikasturte hauetako indarrak erakutsi baitigute antolatu eta borroka eginez gero lor dezakegula.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.