2020-11-20 09:01
Sopelako United Caps, lehengo Embalatap, enpresako zuzendaritzak plantilla osoa lekualdatzeko prozesuari ekin dio, Gironako Llagostera herriko lantokira eramateko. Horren ondorioz Sopelako lantokia eta 37 lanpostuak desagertuko dira. Ekoizpena deslokalizatzeko beste kasu bat da oraingo hau, eta horrelako erabakiek kalte handiak eragiten dizkiete bertako lantokiko langileei, haien familiei, herriari eta eskualdeari.

Langileen legezko ordezkaritzaren arabera (ELA %100) fede txarrez ari dira prozesu horretan, ez baitago arrazoirik, are gutxiago arrazoi objektiborik, Sopelako lantokia ixteko eta 37 lanpostu suntsitzeko. United Caps-ek arrazoi ekonomiko eta teknikoak argudiatu ditu, baina etekinak sortu ditu azken urteotan, eta salmentetan gora egin du.
Multinazional horrek Luxenburgoko paradisu fiskalean du bere egoitza, etekinak sortu ditu azken urteotan, eta Sopelako enpresaren akzioen %100 eskuratu zituen 2018. urtean. ELAren ustez ordurako bazeukan prestaturik ibilbide-orria, ekoizpena deslokalizatzeko eta Sopelako lantokia ixteko, behin bezero-zorroa, egitura eta abar eskuratu ondoren.
Erabaki izugarri horren aurrean, langileek beren lanpostuen alde agertzea erabaki  dute; eta horretarako, greba mugagabera deitu dute azaroaren 24tik aurrera.
Langileek eskatu diete agintariei (Sopelako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila) esku hartzeko, eta Sopelako lantokiko enplegua eta etorkizuna babesteko. Hori dela-eta, bilerak lehenbailehen egiteko eskatu diete.
ELAren ustez Industria Sailak bere egin beharko luke arazo hori, eta arlo horretan duen erantzukizunagatik, adierazpen hutsak baino ekintza zehatzak bultzatu beharko lituzke. Iruzurrezko mugikortasun geografiko horren kontsulta-aldia datorren astean bukatuko da, eta ELAk neurri hori erretiratzeko, eta alderdi guztien artean industria-plan bat prestatzeko eskatu du, beti ere Sopelako enpleguaren etorkizunari euste aldera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.