2018-01-26 11:46

ELA eta LABen oharra

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo modu partzialean deuseztatzeko. Lan erreforma horretaz baliatzen ari dira UGT, CCOO eta patronala estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzeko (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritzaren kolektiboan...). Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa dela eta, Nafarroako langileen lan baldintzak nabarmen okertzen ari dira.

ELAk eta LABek proposamen bat helarazi zieten CENi eta UGT eta CCOO sindikatuei 2017. urtean Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenesteko, alegia, Madrilen sinatzen direnen gainetik lehenesteko. Helburua argia zen: langile nafarrei euren lan-baldintzak erabakitzen uztea, Madrilgo esku-hartzerik gabe. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da 2017ko urtarrilean ELAk, LABek, UGTk, CCOOek eta Confebaskek tankera bereko akordio bat sinatu zutela EAEn.

UGTk, CCOOk eta CENek ezetza eman diote ELAk eta LABek egindako proposamenari.

ELAk eta LABek salatu nahi dugu UGT, CCOO eta CENen jarrera hori, langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatuko zaielako, eta negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu dutelako.

Azkenik, ELAk eta LABek berriz ere defendatu nahi dugu gure lan-baldintzak Nafarroan erabakitzeko eskubidea bermatuko duen negoziazio kolektiboko eredua.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.