ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 10a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-06-14 13:54
Bi greba egunen ostean eta ekainak 17rako hirugarrena deituta dagoelarik, Osakidetzak, Mahai Sektorialean, murrizketak planteatu ditu Lehen Arretan udarako.

Sektore Mahaiaren bilera nahiko erakusgarria izan da: Osakidetzak ez du batere asmorik laister Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko. Osakidetzaren ahaleginak plantilla desmobilizatzeko baino ez dira izan.

Bi greba egunen ostean, eta hirugarren bat deituta dagoela, udarako planteamenduak bakarrik egin ditu Osakidetzak, batzuk murriztailea eta bat ere ez sakoneko arazoei erantzuna emateko:

  • Lehenengo eta behin, esan behar dugu, orain, udarako egiten den edozein planteamendu, berandu datorrela. Ekainaren erdialdean gaude jadanik eta udarako egin beharreko aurreikuspenak, askoz lehenago planifikatu behar ziren. Baina badirudi Osakidetza grebak dauden neurrian mugitzen dela bakarrik.
  • Urtero bezala, gaurko bileran, planteatu da udaran osasun zentro askoren ordutegia murriztuko dela eta beste kasu batzuetan, zentroak itxi egingo direla arreta toki batzuetan zentralizatuz. Hau, gizarteari eskaintzen zaion arretaren murrizketa bat da eta langileei begira, ez du beraien egoera konpontzen. Honekin lortzen den gauza bakarra da arazoa toki batetik bestera eramatea, hain zuzen ere EAG eta ospitaletako larrialdietara, gaixoek, beraien zentroak itxita dauden heinean, hauetara jotzen bait dute, horrek suposatzen duen lan gainkargarekin bertako langileentzat.?
  • Beste planteamendu bat izan da gaixotasun baja guztiak ordezkatuko direla lehenbiziko egunetik (Osakidetzak onartzen du, orduan, orain arte ez zirela ordezkatzen) eta oporren kasuan, ordezkapen portzentaje batzuk bermatu nahi dira beharren arabera, baina ez dira guztiak ordezkatuko. Osakidetzako plantillaren dimentsioa exkaxa da eman beharreko arreta emateko eta hortaz, langile bakoitzaren absentzia, arazo bat da bere lankideentzat, bere lana beraien gain hartu behar dutelako. Absentzia eta opor guztiak ordezkatu behar dira, kategoria guztietan, lehenbiziko egunetik.
  • Bestalde, Osakidetzak planteatu egin du Lehen Arretako zuzendaritzak indartuko dituela baina ez du adierazi zertan lagunduko duen horrek egoera hobetzen edo zertan jarriko diren zuzendari horiek lanean. Kontua ez da arduradun gehiago egotea, baizik eta plantillak handitu eta egonkortzea eta eredu berri bat martxan jartzea.

Argi geratzen da gaurko Mahaian ez direla etorkizuneko neurri sakonak planteatu, gaur egungo egoera larria konponduko dutenak. Hori horrela izanik, Osakidetzak ez digu arrazoi bakar bat ere eman asteleheneko greba (ekainak 17) bertan behera uzteko. Alderantziz, Osakidetzaren planteamenduek berretsi digute greba dela gure irtenbide bakarra. Osakidetzak kosta ahala kosta indargabetu nahi du iragarritako greba-eguna; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere.

Premiazkoa da Lehen Arretaren eredua aztertzea, haren aurrekontua handitzea, giza baliabide nahikoak eta kategoria guztietakoak jartzea, plantillak egonkortzea, murrizketak eta eros-ahalmenaren galerak lehengoratzea, prestakuntza denei bermatzea, lan-kargak arrazionalizatzea, segurtasunezko eta kalitatezko arreta bermatzea, lan-baldintzak hobetzea, aldi baterako kontratazio gehiegizkoa amaitzea, eta azken batean, Lehen Arretaren eredu sendo, eraginkor eta jasangarri baterantz joatea, osasun-sustapenaren helburuaren bila.

ELAk dei egiten die Lehen Arretako langile guztiei, datorren asteleheneko greba egin dezaten. Mobilizaziorik gabe ez da etorkizuneko konponbiderik izango.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.