2019-12-19 17:13
Eusko Jaurlaritzak Arkautiko Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren Errektore kontseiluan adierazi du Euskal Polizia osorako hautapen prozesu bakar bat egiteko asmoa daukala. Eredu honekin, pausu definitiboa eman dute udaltzaingoko polizia eredua Ertzaintzaren berdina izan dadin; udal autonomiaren aurkakoa den neurri bat da. Gainera, udaletan negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen da eta ez da Udaltzaingo ezberdinetan dagoen enpleguaren egoera larriarekin bukatzeko neurririk hartzen.

Abenduaren 19an Arkautiko Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren Errektore kontseilua izan da; ELAk parte hartu du, Udaltzaingoan ordezkaritza gehien daukan sindikatua izateagatik. Bileran, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek (Estefanía Beltran de Heredia Sailburua buru) helarazi dute berehala martxan jarri nahi duten prozesuaren berri: Euskal Polizia ezberdinen hautaketa prozesuak bateratzea. Hau da, urtarrilean jada, bai Ertzaintza eta bai Udaltzaingo ezberdinetako lanpostuak betetzeko hautapen prozesu bakar bat egingo dutela.

Bileran ez da ELAk egindako proposamenik onartu (Arkautin kontzentrazioa egin dugu); hautapen prozesu bakar bat egiteak Kontseiluan zeuden udaletako ordezkarien oniritzia jaso du. Udal hauek, pribatuan, ereduak ez duela funtzionatzen esaten badute ere, Eusko Jaurlaritzari men egiten diete eta Udaltzaingo ezberdinak itolarrian dauzkate. Lanpostuen %25a bete gabe eta beteta dauden lanpostuen %30a behin behineko langileekin beteta.

Udalak euren eskumenei erabat uko egiten ari dira. EPE bateratura atxikituz argi uzten dute udalek daukaten polizia ereduak ez duela ELAk Ertzaintzarako eta Udaltzaingorako defendatzen duenarekin zer ikusirik.

ELAk Euskal Poliziako EPE bateratu honen aurka egin du. Izan ere, prozesua bateratzeaz gain, Udaltzaingo ezberdinak bateratu eta uniformizatzen ditu, eta gaur egun Ertzaintzan ezarrita dagoen Eredu Poliziala inposatzen du. Gainera, ez du udaltzaingo ezberdinetan egunerokoan bizitzen ari den enpleguaren egoera prekarioari irtenbiderik ematen. Demostratuta dago eredu honekin ez dela lanpostuen egonkortasuna lortzen eta kontrako bidea jorratzen baita, prekarietatea larritu eta sistematizatzen du.

ELAk udal guztiei exijitzen die Udaltzaingo propio baten aldeko apustua egin dezatela eta hautapen prozesu propioak martxan jarri ditzatela, berehala, bete gabe dauden lanpostuak betetzeko eta behin-behinekoa den enplegua egonkortzeko. Negoziazio kolektiborako eskubidea errekonozitu behar da, eta behin behingoz polizia laguntzailearen figurarekin bukatu. Neurri hauek behar beharrezkoak dira kalitatezkoa, gertukoa eta herritarren eskubideen aldeko zerbitzu publiko bat bermatzeko.

ELAk, Arkautin egin duen bezala, helburu hauek lortzeko bidean, mobilizatzen jarraituko du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.