2020-01-28 17:16
Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 'Lan, pentsio, bizitza duina' lelopean deitutako greba orokorrak lantokiak husteko helburua du, eta horrekin batera, Euskal Herrian zehar ematen ari diren borroka ezberdinen isla izan nahi du. Horregatik, sindikatu deitzaileek (ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, Etxalde) eta eragile sozialek (pentsionisten mugimendua, feministak, ekologistak, etab.) egun osoko ekitaldietan eta manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Oraingoz, 101 mobilizazio deituta daude.

Greba deialdia izaten ari den babes zabalaren adierazle da enpresa batzordeen aldetik jasotako atxikimendu andana. Ildo beretik, atxikimendu zabala erakusten dute hainbat udaletxe eta instituzioetan onartu izan diren grebaren aldeko mozioek. Herri eta auzoko greba batzordeak lanean daude, Karta Sozialak proposatu duen ildotik, argitaratu den aldarrikapen taula oinarri hartuta. Atxikimenduekin jarraituz, babes zabala jaso du greba deialdiak gure mugetatik harago, nazioarteko eta estatu mailako sindikatu eta eragileen eskutik ere: Galizia, Aragoi, Valentzia, Andaluzia, Madril, Katalunia, Asturias eta Extremaduran, besteak beste, mobilizazioak daude deituta Euskal Herriko deialdiarekin elkartasunez.

Gehiegizko zerbitzu minimoen salaketan berresten gara. Era berean, gutxieneko zerbitzuetan aritu behar izango duten langileek paparrean hori bera adierazten duten ikurra eramango dute. Haiek bezala, gogoan izango ditugu ere greba egiterik izango ez duten kolektibo ezberdinak: etxeko langileak, autonomo faltsuak, bekadunak, paperik gabeak... Eguerdiko manifestazioetan tarte berezi bat eskainiko diegu, silueta batzuekin ordezkatuz haien hutsunea.

Borrokak uztartzeaz ari garelarik, pentsiodunen mugimenduak protagonismo berezia izango du greba egunean. Bilbo, Gasteiz, Iruñea zein Donostiako eguerdiko mobilizazioetan zutabe edo bloke propioak izango dituzte.

Borroka ideologikoa, mobilizazioa eta ekimen zabalak, erakargarriak, baketsuak eta irudimentsuak erabiliko dira. Gauzak horrela, herri eta auzoko greba batzordeen eta grebaren deitzaileen eskutik (Karta Sozialaren parte garen sindikatuak eta eragileak) ez da sustatu edo babestuko ezaugarri hauei erantzuten ez dioten ekintza edo ekimenik.

U30ean kaleak bete behar ditugu eta gure aldarrikapenak ozen entzun behar dira.

Mobilizazio garrantzitsuenak lau hiriburuetan izanen dira, goizez zein arratsaldez:

BILBO:

  • Zutabeak 11.45etan abiatuko dira Errekalde Zumarkalea, Deustu eta Jesusen Bihotzetik. Manifestazio nagusia Moyuatik (Plaza Eliptikoa) abiatuko da 12.30etan, Udaletxean bukatzeko.
  • Arratsaldez, 18etan, Plaza Eliptikoan.

DONOSTIA:

  • Zutabeak 11.45etan abiatuko Gros, Amara eta Antiguatik. Manifestazio nagusia Artzai Onean hasiko da 12etan, Bulebarrean bukatzeko.
  • Arratsaldez, 18.30etan Bulebarrean.

GASTEIZ:

  • Manifestazio nagusia Bilbo plazan hasiko da 12etan.
  • Arratsaldez, 18etan Andra Mari Zurian.

IRUÃ'EA:

  • Zutabeak 11etan abiatuko dira Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea, Atarrabia, NUP eta Barañainetik. Manifestazio nagusia Gaztelu plazan hasiko da 12etan.
  • Arratsaldez, 17etan, Autobus geltoki zaharrean.
  • Goizez, beste lau manifestazio nagusi izanen dira, Karta Sozialak deituta: Eibarren (12.30etan, Unzaga plazan), Tuteran (Foru plazan, 12etan), Lizarran (Udaletxean, 12etan) eta Tafallan (Nafarroako plaza, 12etan).

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.