2021-04-14 15:58
Tubacexeko zuzendaritzak iragarritako kaleratzeak gauzatu nahi dituen astean, ELAk esan du borroka eta greba direla Laudioko eta Amurrioko lantegietan lanpostuak eta lan-baldintzak ez suntsitzeko bide bakarra. Ildo horretan, sindikatuak zoriondu egin ditu langileak euren borroka eredugarriagatik, erreferente bihurtzen ari baitira, bai Euskal Herrian, bai gure mugetatik kanpo. ELAk kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko langileekin duen sentsibilitate eta enpatia falta, eta gatazka honetan duen erantzukizuna azpimarratu du. Halaber, zuzendaritzari eta administrazio Kontseiluari atzera egiteko eskatu die. "Ez dugu onartzen zuzendaritzari eta Administrazio Kontseiluari dagozkien erabakiekin zerikusirik ez duten langileek euren akatsengatik ordaintzea", adierazi du sindikatuak.

ELAk balioa eman die multinazional zikoitz bati aurre egiten ari zaion plantillaren konpromisoari, elkartasunari eta sindikalizazio indartsuari; izan ere, multinazional horrek produkzio-prozesua deslokalizatu nahi du, onura handiagoak lortzeko, hain justu onura horiek sortzeko oinarrizkoak izan diren langileak zigortuz eta pobretuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren isiltasun konplizea kritikatu du; izan ere, erantzun bakarra Ertzaintzaren neurrigabeko erabilera da, eta Tubacexeko zuzendaritzaren zerbitzura jarri du.

Azkenik, ELAk nabarmendu du Tubacexen kaleratzeen aurka borroka juridikoa egingo duela, greba eta deitutako mobilizazioen osagarri. Hurrengo mobilizazioa, ostiral honetan, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean izango da.

 

 

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.