2020-12-03 14:08
Tubacex-eko langileek greba egin dute abenduaren 3an; izan ere, zuzendaritzak 150 behargin kaleratzeko asmoa agertu du. Langileen batzordea Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarran agerraldi bana izan dute goiz partean, langileek elkarretaratzea egiten zuten une berean. "Enpresak bere planarekin jarraitzen duela, Amurrio eta gainontzeko lantegiak lankargarik gabe utziz, beste zentro batzuetan ekoizten jarraitzen duen bitartean" salatu dute langileon ordezkariek.

ELAren ustez, enpresaren jarrera nahasia eta xantaiatsua da; izan ere, uztailean plantak lehiakorrak ez zirela eta irtenbidea 150 pertsona kaleratzea zela esaten zuen bitartean, orain kaleratzeen alternatiba gisa langile guztien soldata nabarmen murriztea proposatzen du: plusak kentzea, soldatak izoztea, lanaldia nabarmen handitzea, onura sozialak murriztea... "Beldurraren eta segurtasun ezaren aukera erabiltzen ari da langileak beldurtzeko eta eskubideen murrizketa bortitza onartzeko", salatu du.
ELAk eta batzorde osoak enpresaren planteamendua baztertu dute, taldearen eta euskal lantegien benetako egoera ekonomikoa ez dagoelako egiaztatuta. Aitzitik, etorkizunerako plan bat eskatu diote zuzendaritzari, lehiakortasuna ezin delako lan-kostuetan oinarritu. "Egoera aprobetxatu nahi dute duela urte eta erdi sinatu genuen hitzarmena hausteko, baina ez dugu onartuko", esan dute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.