2018-07-06 08:41
ELAk Tubacex-en Hitzarmena sinatu du (Laudio eta Amurrio) hurrengo urteetarako, enpresaren azken eskaintza langileen %70ek ontzat eman baitute. Hitzarmen berriak eroste-ahalmenaren hobekuntza eta urtraktibitate mugagabea jasoten ditu, besteak beste.

Hitzarmen berriari esker gure eroste-ahalmena jasoko da, hurrengo urteetarako soldata-igoerak, kontzeptu guztietan, KPItik gorakoak izango baitira (2017: KPI+%0,75; 2018: KPI+%0,50; 2019: KPI+%0,50; 2020: KPI+%0,75; eta 2021: KPI+%0,75).

Halaber, 1958, 1959 eta 1960 urteetan jaiotakoentzat errelebo-kontratua aplikatzea lortu da; hori dela-eta, 2023ko erdialdera arte aplikatuko da praktikan, eta errelebo-hartzaileak finko bihurtuko dituzte.

Hitzarmenaren indarraldiaren barruan 80 kontratu finko baino gehiago egingo dira, eta gainera, beste hobekuntza hauek ere lortu dira: laneko arropa dohainik garbitzea, 5 urtera arteko adingabeak zaintzeko lan-utzialdia luzatzea, edoskitzaro-baimenaren denbora metatu ahal izatea, eta norberaren erabilerako egunak ordu soltetan hartu ahal izatea (norbaitekin medikuarengana joateko).

Enpresak, halaber, Laudioko eta Amurriko lantegietan 30 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, hitzarmenaren indarraldiaren barruan.

Horrez gain, erreformaren aurkako klausulak mantenduko dira (aurreko hitzarmenean lortu zuen ELAk klausula horiek txertatzea, aurrera-eragin mugagabea izateko), malgutasuna mugatuko da, eta enpresak ez du hitzarmena salbuesterik izango.

Azken batean, oraingo hitzarmen hau lortu ahal izateko, beharrezkoak izan dira negoziazio gogor bat, atal sindikalaren ganorazko eta taxuzko lana, eta Laudioko eta Amurrioko lantegietako langileen gehiengoaren onespena.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.