2019-05-09 13:18
Bi gai hauek pisu handia dute politika publikoetan eta eragin zuzena gure bizitzetan, horregatik ELAk bi erakunde hauetan egongo direnei eginiko proposamenen atal garrantzitsua izan dira.

 

Ikuspuntu ekonomiko, sozial eta ekologikotik aztertuta, azpiegitura, lurralde eta ingurumen politikak ez dira iraunkorrak. Beharrezkoa da neurriak hartzea benetako iraunkortasuna lortu eta trantsizio ekologikoan aurrera pausuak emateko:

  • Dauden errepideen egoera hobetu, berririk eraiki gabe, eta mugikortasun planetan intermodalitatea, akzesibilitatea eta garraio sistemaren eraginkor-tasuna bultzatu.

  • Herritar guztiek eskura izatea behar duten garraio publiko zerbitzua. Horretarako lurralde osoan zehar garraio publiko sarea garatu eta hobetu behar da. Garraio publikoa mugikortasun beharretarako alternatiba onena bihurtu behar da.

  • Garraio publikoan tarifa sozialak aplikatu: doakoak izatea 16 urterarte, txartel familiarrak, langabeentzako bono sozialak, etab.

  • Mugikortasuna elektrifikatu behar da.

  • Energia berriztagarrien sorkuntza bultzatu behar da, modu dezentralizatuan energia sortu eta kontsumituz. Bai autokontsumorako, bai modu kolektiboan kontsumitzeko edota sare elektrikora bideratzeko. Energia fosil bidezko elektrizitatea sortzeari utzi eta energia berriztagarrietan oinarritu behar da sistema.

  • Lurralde osora zabaldu behar da jatorrian eta derrigorrez bereizitako hondakin bilketa eredua, %80tik gorako birziklapen tasak ematen baititu. Bilketa eredu hau konpostajearekin, balorizazio materialarekin eta ezabatze eredu iraunkorrekin konbinatu behar da, eta balorizazio energetikoa eta erraustegiak behin betiko baztertu behar dira.

  • Gaur egun berrerabili eta birziklatzen ez diren materialak aprobetxatzeko proiektuak bultzatu, %100 birziklatzeko helburura gerturatu eta benetako ekonomia zirkularrerantz pausuak eman daitezen.

 

Nafarroako Gobernuak baditu beste eskumen batzuk ere eta honakoa eskatzen diogu:

  • AHT geldiarazi; azpiegitura honetara ez da diru gehiago bideratu behar. AHTa eraikitzeko interesa obra publikoak eraikitzean dagoen negoziagatik soilik uler daiteke. Alde batera utzi behar da garapena lan faraonikoekin lotzen duen politika. Lehentasuna pertsonen eta naturaren zaintza da.

  • Ingurumenean eragin handia izan dezaketen proiektuak ez egiteko konpromisoa, esaterako Aroztegia Jauregia edota Itsaso-Castejón-Muruarte goi-tentsioko linea.

  • Bardeetako Tiro Poligonoa desegiten hasi. Horretarako Bardeen erabilpen militarrerako baimena kentze aldera egin beharreko urrats politiko eta juridikoak egin, horrela lursail hau herritar nafarren esku gera dadin; tokiko administrazioentzat plan bat egin Defentsa Ministeriotik datorren finantziazioaren galera osatzeko.

  • Castejongo Zentral Termikoaren itxieran inplikatu, horrela Auzitegi Gorenaren epaia betearaziz.

 

Trantsizioaz hitz egiterakoan ezinbestean aipatu behar dira enplegu berdeak, enpleguaren sorreran ere garrantzi handia izango dutenak hurrengo urteetan. Klima aldaketari aurre egiteko alternatibarik iraunkorrena dira: Ingurumenaren zaintza, ingurune degradatuen berreskurapena edo ekoizpen ereduaren aldaketari lotuta daude.

  • Energia. Eraikinak birgaitzeko eta energia eraginkortasuna areagotzeko laguntzak emanez eraikuntzako lanpostu asko iraunkorragoak izango lirateke. Eraikin publiko eta pribatuetan energia berriztagarria kontsumitzeko eta energia berriztagarria sortzeko azpiegitura txikiak bultzatuz ere lanpostu berdeak sortzen dira, baita biomasa bidezko berogailu sistemak edo teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatuz.

  • Garraioa. Industrialdeetan mugikortasun iraunkorrerako planak egin, garraio publiko sarea populazio gune bakartuetara hedatu, garraio publiko sarearen ibilgailuen elektrifikazioa areagotu...

  • Hondakinak. Hondakinak murrizteaz gain, kudeaketa iraunkorrak lanpostuen sorrera dakar. Hondakinen gaikako bilketa areagotuz lanpostu asko sortuko lirateke, baita berrerabiltzeko sarea eta ekipamendua sortuta ere. Objektuen jasotzea, konponketa, bigarren eskuko merkaturatzea eta trukeari loturiko zerbitzuak garatu behar dira.

  • Basozaintzak, batez ere pinu landaketek, gaur egun duten krisiari aurre egiteko, basogintza iraunkorra da irtenbide bakarra: bertako espezieak, bizitza ziklo luzeagoa dutenak eta balio erantsi handiagokoak bultzatu eta laguntzea. Baita energia berriztagarria sortzeko biomasaren ekoizpen iraunkorra bultzatzea ere.

  • Elikadura burujabetza. Elikadura kate osoan hartu daitezke neurriak elikadura burujabetza bultzatuz lehen sektore indartsu eta iraunkor bat izateko: Nafarroako Gobernuaren menpe dauden jantokietan elikadura agroekologikoa eskaintzea (aterpetxeak, zaharren egoitzak, eguneko zentroak, …), nekazaritza agroekologikoa eta tradizionalari laguntzak ematea, erosketa publikoetako pleguetan eredu honen alde egitea, etab.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.