2018-10-25 16:36
ELAk tratatu lotesle bat egitea sustatu du, enpresa transnazionalen (ETN) zigorgabetasunari amaiera emateko. Eta, alde horretatik, Genevan, urriaren 15etik 19ra, izan den kanpaina batean parte hartu dugu. Kanpaina global horren helburuak hauek dira: herrien subiranotasuna sendotzea, korporazio-boterea suntsitzea eta ETNen zigorgabetasuna azkentzea. Guztiz beharrezkoa eta premiazkoa da arau-tresna bat sortzea, giza eskubideak enpresa handi horien jardueretatik babesteko.

Korporazio handiak Nazioarteko Arbitraje Auzitegiez baliatzen dira estatuen aurkako demandak jartzeko, kalteak dakarzkieten giza eskubideen edo herri-onuraren aldeko neurriak hartu dituztelakoan. Hortaz, estatuei, enpresak "konpentsatzeko", diru-kopuru itzelak ordaintzeko kondenak ezarri ahal dizkiete. Horrelako adibide ugari daude, hona hemen Philip Morris tabako-enpresarena, 2010. urtean Australia eta Uruguay auzitara eraman zituela, tabakoa erretzea murriztea eta osasun publikoa hobetzea bilatzen zuten legeak indarrean jartzeagatik; eta Veolia enpresa frantsesarena, 2013an Egipto demandatu zuela, lan-arloko lege berrian gutxieneko soldata bat ezartzeagatik.

Enpresa handien interesak babesteko mekanismoak badaude, baina aitzitik ez dago nazioarteko arau loteslerik ETNak zigortzeko, giza eskubideetan egindako urraketengatik. Labur esateko, enpresen inbertsioak ongi babesten dira, baina gizakiak eta ingurumena, ordea, erabateko babes gabezian daude.

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluak, 2014ko ekainean, 26/9 Ebazpena hartu zuen, nazioarteko tresna lotesle bat prestatzeko, eta ETNak giza eskubideak errespetatzera behartzeko. Tresna horren bidez bilatzen den helburua hauxe da: nazioarteko esparruan dauden lege-hutsuneak ezabatu, eta ETNen zigorgabetasunarekin amaitzea da, batik bat Hegoaldean egiten dituzten ingurumen-sarraskiengatik. Eta bidenabar sarraskien biktimei auzitara jotzeko bidea erraztu eta bermatzeko asmoa ere badago.

Horretarako, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluak Gobernuen arteko Lantalde ireki bat eratu zuen, enpresa transnazionalak eta bestelako merkataritza-enpresak aztertzeko (OEIGWG). Lantalde hori sortu zenetik lau saio egin dira; eta Estatu Batuek huts egin dute guztietan, Europako Batasunak, bere aldetik, kontrako jarrera azaldu du. Areago, aurten Europako Batasuna negoziazioetatik bazter mantendu da, eta lantaldearen baitan lorturiko adostasunetik banandu. Espainiako Gobernuak berdin jokatu du, nahiz eta Kongresuan bi proposamen onetsita egon, zeinen bidez ekimen horretan modu aktibo eta proposatzailean parte hartzera premiatzen baitzen. Beraz, Europako Batasuneko gobernuek Trumpen antzera jokatzen dute, kapitaleko lobbyaren eta enpresa multinazionalen interesen alde.

Urriaren 15etik 19ra Genevan egin den laugarren saioan Tratatu Loteslearen Zero Zirriborroa jorratu da, batez ere tratatuaren alderdi nagusiak ezartze aldera. Hala ere, zirriborro horrek ez ditu asetuko kanpainaren sustatzaile garen erakunde sozial eta sindikalon asmoak eta itxaropenak. Hurrengo saioa urtebete barru egingo da, eta hari begira onetsi den adierazpenean esaten den bezala, Trataturako aurkeztu den proiektua goitik behera berraztertu behar da, oinarrizko alderdiak barne, besteak beste, negoziazioen agindua betez enpresa transnazionalak eraginpean hartzea, ETNentzako zuzeneko eginbeharrak jasotzea, ekoizpenaren kate globala kontuan hartuz erantzukizun elkarrekikoa eta solidarioa ezartzea enpresa nagusiaren eta menpekoen artean, eta ETNei Jarraipena egiteko Nazioarteko Auzitegi bat eratzea.

Kanpaina horren bidez indar-korrelazioa hobetzen ari gara. Baina lanean jarraitu behar dugu korporazio-boterea eta haren aliantza-sarea desegiteko, botere politiko eta mediatikoaz baliatuz. Eta saiatze horretan behar-beharrezkoa dugu toki-mailako esparruetako sentsibilizazioa eta borroka.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.