2018-11-14 13:37
9 hilabeteko grebaren ondoren, Tolosaldea Bus enpresako langileek akordio bikaina lortu dute, besteak beste %15etik gorakoa den soldata-igoera. Gainera, akordioan, lan-erreformatik blindaturik uzteko aurrera-eragin mugagabea sartu da; baita enpresak bere kabuz hitzarmena salbuesterik ez izateko klausula ere.

Honakoa da langileek prentsaurrekoan irakurritako oharra:

Bederatzi hilabete baino gehiago behar izan dira akordio bat lortzeko. Bederatzi hilabeteko aldi hori gogorra izan da, denbora horretan zehar langileek protesta-ekintza ugariak burutu dituzte, enkarteladak, elkarretaratzeak, manifestazioak eta abar, eta abar. Uztailean, zerbitzua berriro esleitzearekin batera, akordio bat lortu genuen Tolosako hiri-garraiorako, Cuadra Bidean enpresarekin. Orduko negoziazioan bi ezaugarri erakutsi genuen: batetik, irmotasuna, ziurtasuna eta gure eskakizunen bidezkotasuna; eta bestetik negoziatzeko borondatea.

Duela hilabete bat, gutxi gorabehera, Tolosaldea Bus negoziatzera ekartzea lortu genuen. Eta orain akordio handi bat egin eta greba bertan behera utzi dugu. Soldata-igoera %15etik gorakoa izan da. Honela banatu dira igoerak:

  • 2018an %8,4, 2019an %5,1, 2020an KPI eta 2021ean KPI+%1,5

Gainera, akordioan, lan-erreformatik blindaturik uzteko, aurreraeragin mugagabea sartu dugu, eta baita enpresak bere kabuz hitzarmena salbuesterik ez izatea ere. Horrela, langileek, elkar harturik eta beren eskakizunetan tinko, garaipen handi bat lortu dute. Horretarako, berebiziko garrantzia izan du ELAren erresistentzia-kutxaren laguntza.

Hilabete horietan guztietan inondik ere azaldu ez dena zerbitzuaz arduratu behar den erakundea: Gipuzkoako Foru Aldundia. Markel Olano (EAJ) Ahaldun Nagusia eta Marisol Garmendia (PSE), Mugikortasun Saileko burua, erabateko arduragabekeriaz aritu dira epealdi osoan.

Zerbitzu publiko bateko langile garen aldetik tratu arduragabea eman digute. Egia da gure zerbitzua azpikontratatua dela, baina gogaitu arte errepikatu dugunez, zerbitzua bai azpikontratatu daitekeela, ez ordea erantzukizuna. Eta zerbitzuaren ardura izan arren, ez dira behin ere saiatu konponbide bat bilatzen. Ez dira saiatu alderdi biak elkarrengana hurbiltzen, elkarrizketa erraztearren. Gehiago esango dugu, 9 hilabeteko greba horretan ez dute nahi izan ezta langileekin bilera egitea ere, gure borrokaren zergatiak bertatik bertara ezagutzeko. Bost axola izan zaie langileen etorkizuna.

Herritarrekin ere arduragabekeriaz jokatu dute, zerbitzurik gabe egon baitira. Horren adibide garbia hainbat herritako alkateen irudi bitxian izan dugu, aldundiaren aurreko elkarretaratzean bildurik, joan den ostiralean. Eta gobernu-taldeak ezikusiarena egin zuen. Herritarrak eta zerbitzurik gabe geratu izana ez zaie batere axola izan.

Alde handia dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren arduragabekeriaren eta herritar zein elkarteen berotasunaren artean. Oraingo akordio hau, hein handi baten, gure herrikideei zor diegu. Jendea da zerbitzuaren erabiltzailea, eta beraz alde kaltetua; hala ere, ederki ulertu dituzte gure arrazoiak. Honen bidez gure eskerrona agertzen diegu. Borrokak bere emaitzak ematen ditu beti.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.