2020-10-13 11:09
Azken egunetan 40tik gora Covid-19 kasu agertu dira Tolosako La Asunción Klinikan, gehienak lanean kutsatu diren langileak. Tolosaldea eskualdeko erreferentziazko ospitalea den heinean, milaka herritarrek zerbitzuak murriztuta aurkitu dituzte azken egun hauetan. Honen aurrean, ELAk salatu nahi du ospitaleko zuzendaritza pandemiaren kudeaketa txarra egiten ari dela eta kasuen berragertze honen aurrean ez duela aurreikuspen eta ardura nahikoarekin jokatu.

Asko dira kudeaketa txar honen adibideak:

  • Pazienteen sektorizazioa ez da ondo egiten: positibo eman dutenak eta negatibo direnak planta berean daude eta berragertze kasu honetan ere ez da aldaketarik egon.
  • Langileei dagokionez, lan txanda berean positibo diren eta ez diren pazienteekin lan egiten dute.
  • Langileei martxoan egin zieten lehen odol analisi haietatik ez zaie oraingo berragertze goera hau arte PCRrik egin, ezta paziente positiboekin lanean jarduten dutenei ere. Are gehiago, oporretatik bueltatu diren langileak ere inongo probarik egin gabe hasi dira lanean.
  • Azken egun hauetan langileei egin dizkieten PCRen kudeaketa ere ez da ona izan, emaitza ematen 24 ordu baino gehiago tardatu dute eta bitartean positiboak ziren langileak lanean egon dira.
  • Bisiten eta pazienteen sarrera eta irteeratan ere nahikoa kontrol ez dago, askotan pazienteen bisitetako protokoloak ez baitira betetzen.

ELAk behin baino gehiagotan salatu du Tolosaldeak, Gipuzkoako beste eskualdeek bezala, ospitale publikoa izan behar duela, eta ez irabazi asmoak dituen enpresa pribatu batek kudeatutako osasun zerbitzu bat. Horrelako kudeaketa batean ez da behin ere zerbitzuaren kalitatea ez eta langileen baldintza eta segurtasuna lehentasun izango.

Beraz, ELAk bat egiten du urriaren 17an Tolosan “Aski da! Kalitatezko Osasungintza Publikoa” lemapean herritar talde batek deitu duen manifestazioarekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.