2018-01-26 12:58

Langileen Batzordearen oharra:

Langile guztien izenean eskerrak eman nahi genizkieke Tolosaldeako biztanle guztiei, eman diguten babesagatik eta gure mobilizazioen aurrean izan duten jarreragatik. Biztanleak kontziente baitira egoera honen erantzule Eusko Jaurlaritza eta Asuncion klinikako zuzendaritza direla.
Asuncioneko langileok 2017ko abendua eta 2018ko urtarrila bitartean 4 eguneko greba aurrera eramatea erabaki genuen. Mobilizazioak bultzatuta enpresak negoziatzera deitu gintuen, baina beren proposamena gure errebindikazioetatik oso urrun dago, beraz gure exijentziei erantzun gabe jarraitzen dute.
Asuncion klinikako langileok 2011. urtetik ez dugu inongo soldata igoerarik izan, ondorioz eroste ahalmenaren galera geroz eta handiagoa da. Gure urteko lan jarduna administrazio publiko langileek duten lan jardunetik oso urrun dago, eta 2010. urtetik ez du inongo murrizketarik izan, pertsonal falta eta kontratazioen irregulartasuna eta lan kargen handitzea eguneroko errealitatea dira azken urte hauetan. Zuzendaritza honek osasuna negozio bilakatu du eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila honen konplizea izan da, ez baitzaizkie batere inporta ez Tolosaldeako 65000 biztanleak eta ezta ere Invizako langileak.
Honez gain, errealitatea gezurrekin estaltzen dute, traumatologiako trasladoak pazienteen onuragatik egiten direla esanez eta profesional faltaren arazoa dela ezkutatuz. Errealitatea ordea hau da, klinikako profesionalak joaten ari direla dituzten lan baldintza txarren ondorioz. Honek Tolosaldeako 65000 biztanleren arreta zerbitzuan eragin larria du.
Egoera honen ondorioa azken urte hauetan jasaten ari garen prekarizazio sistematikoaren ondorioa da. Eta honen arduradun zuzenak PNV buru den Eusko Jaurlaritza eta Montoya Jauna dira. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Sailburua den Jon Darponi, gurekin biltzeko eskatzen diogu, Asuncionekin gertatzen ari dena azaldu diezagun.
Tolosaldeako osasun zerbitzuak zergatik da gainontzeko eskualdeetako osasun zerbitzua baino prekarioagoa, baliabideak daudenean? Asuncion Klinikak urtean 20 milioi euro jasotzen baditu diru publikotik, Tolosaldeako osasun publikoaren gestiorako.
Azkenik, mobilizatzen jarraituko dugula jakinarazi nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak eta Asuncioneko zuzendaritzak gure eskualdean eragin duen arazoa sakonetik konpondu arte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.