ELAk jasotako aurreneko datuen arabera, Cotroniceko langile bat oso larri eraman zuten erietxera pasa den ostiralean, irailaren 15an, lanean zela altueratik erori eta istripuak eragindako zaurien larritasunagatik. Gainera, aste horretan ere Cotronic enpresarentzat lanean ari zen azpikontratatutako Confetel enpresako beste langile batek beste listripu larri bat izan zuen. Kontuan izan Cotronic Telefonicak azpikontratatutako enpresa bat dela, eta telekomunikazio sareak eraikitzeaz arduratzen da.
ELAk azpimarratu nahi du ez dela ausazko enpresa berarentzat zuzenean edo zeharka lanean ari ziren bi langile larri zauritu izana. Prekaritatea dago horren atzean: lan karga handiak dituzte eta presio handia izaten dute lanak ahalik eta azkarren ixteko. Egoera jasanezina bihurtzen du horrek; Cotroniceko langileek 2022 urtean euren eskubideen defentsan aurrera eraman zuten greba horren erakusle, besteak beste.
Gogoratu behar da, iturri ofizialen arabera, 2022an egunean 207 pertsonak izan zutela lan istripu bat; 7 minutuz behin laneko istripu bat gertatu zen, alegia. Datua benetan larria da, are gehiago kontuan izaten badugu hainbat eta hainbat istripu ez direla erregistratzen eta beraz, datu errealak are larriagoak direla. Onura ekonomikoak lehenesten dira eta horrek eragin negatiboa du lan baldintzetan eta ondorioz, langileen osasun fisiko eta mentalean. Hori guztia, gainera, Administrazio Publikoaren ezinbesteko konplizitatearekin gertatzen da.
Egoera honen aurrean, ELAk elkarreratzea deitu du datorren asteazkenean, hilaren 20an, arratsaldeko 18:30ean, Telefonicak Donostian duen egoitza nagusian (Telefonica eraikina. Sagrada Familia, 5 Donostia).