2019-10-09 16:16
ELAk aurrekontuak behar sozialei aurre egiteko egin behar direla uste du, horretarako politika fiskal justua eta behar adinakoa ezarriz. Nafarroan 86.000 pertsona baino gehiago daude pobrezia arriskuan. Honek izan beharko luke lehentasuna, ez zorraren ordainketak.

Nafarroako Gobernuak 2020rako gastu muga iragarri du, 4.228,2 milioi eurokoa izango da. Muga hau 2017ko uztailean aurreko Nafarroako Gobernuak Estatuko Gobernuarekin adostutakoaren aritik dator. 2018-2020 urteetarako defizit muga (2020an %0), zor-publikoaren muga (%16,4) eta gastu araua ezarri ziren (honen arabera aurrekontua % 2,8 baino gehiago ezin da handitu termino nominaletan, eta hortik gorako diru-sarrerak zor publikoa ordaintzera bideratuko dira). Neurri honen aurrean, ondorengoak azpimarratu behar dira:

  • Autogobernuaren aurkako erasoa beste behin. Nafarroako aurrekontu politika Madrilen erabakitzen da, Nafarroako Parlamentutik kanpo. Gastu mugaren onarpena ez da tramite hutsa. Gastu mugak aurrekontua guztiz baldintzatzen du. Kezkagarria da maila politikoan honen inguruan eztabaidarik ez sortzea, eta erabaki politiko honi tramite itxura ematea. Are gehiago, azken urtetan gastu muga forma eta eduki berdinarekin onartu da, nahiz eta aldaketak egon bai Nafarroako Gobernuan (aurreko Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eak sostengatutako Gobernutik hasi eta egungo PSN, Geroa Bai eta Podemosen koalizio Gobernura) eta Estatuko Gobernuan (PPren Gobernutik PSOEren Gobernura). Honek erakusten du politika fiskala eta aurrekontu politika ezartzerakoan kontsentsu politikoa dagoela.
  • Finantza erakundeen interesak lehenesten dira. Politika honen lehentasuna zorraren ordainketa eta finantza erakundeen interesak babestea da, eta ez behar sozialei aurre egitea eta gastu soziala bermatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.