2018-11-07 12:57
UBIK liburutegiko 13 langileek lanuzteak egingo dituzte azaroaren 17 eta abenduaren 1ean 17:00etatik 19:00etara, bizi duten prekarietate egoera salatu eta enpresa eta instituzioei irtenbideak exijitzeko.

Bitatekariak, Tabakalerako `Ubik´ sorkuntza liburutegian jendaurreko zerbitzua ematen duten langileak, gaur egun Sedena enpresak azpikontratatuta daude lanean. 13 gazte, goi mailako ikasketa eta ibilbide profesionalekin, bakoitza liburutegian jorratzen duen alorrean aditua.

Baina beste behin ere, sektore publikoko azpikontratazioan prekarietatearekin egiten dugu topo: bitartekarien bataz besteko soldata ez da hilabetean 1000€ garbira iristen; azpikontratatuak daude; gehiengoa lanaldi partzialarekin dago; igandeetan lan egitea tokatzen zaie inongo plusik kobratu gabe; oporrak hartzeko zailtasunak dituzte; dauzkaten ordutegiak itogarriak dira; eta kontziliazioa ezinezko egiten zaie.

Gaur egun aisia eta animazio soziokulturala erregulatzen duen estatu mailako hitzarmena aplikatzen zaie langileei, baina ELAtik ulertzen dugu badaudela Gipuzkoan euren egoerari gehiago hurbiltzen diren hitzarmenak, Gipuzkoako esku hartze sozialeko hitzarmena esaterako.

Hilabeteak lan baldintzak hobetzeko ahaleginetan ibili ondoren, eta enpresa eta instituzioetatik jasotako erantzun antzuak ikusirik, ELAren babespean, UBIK Tabakalerako sorkuntza liburutegiko bitartekariek mobilizazioei hasiera emango diete.

Mobilizazio hauek azaroaren 17 eta abenduaren 1eko lanuzteekin hasiko dira, baina negoziaketan aurrerapausorik ez badago langileek, mobilizazio berriak iragarriko dituzte, gaur egun bizi duten prekarietate egoerari behin betiko irtenbide bat emateko.

MOBILIZAZIO EGUTEGIA:

AZAROAK 8,9,10: sinadura bilketa.

  • Nestor Basterretxea Plazan eta Tabakalerako inguruetan. Goizez eta arratsaldez egongo dira sinadurak biltzen.

AZAROAK 17: lanuztea 17:00-19:00. Lanuzte garaian ekintza ezberdinak egingo dira.

ABENDUAK 1: lanuztea 17:00-19:00. Lanuzte garaian ekintza ezberdinak egingo dira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.