2019-01-17 08:48
2019 urterako 6 milioi euroko aurrekontua onartu da Administrazio Kontseiluan; bada, ez da onartu, ordea, greban dauden Ubik-eko 13 bitartekarien egoera bideratzeko inongo proposamenik.

26 egun pasa dira jada bitartekariek greba mugagabeari hasiera eman ziotenetik. Orduz geroztik ez da izan bilerarik enpresarekin ezta Tabakalerarekin ere, beraz, ez da inongo aurrerapausorik egin negoziaketan. Abagune honetan, urtarrilaren 15ean Tabakalerako Administrazio Kontseiluak bilera izan zuen. Bertan, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Diputazioko eta Donostiako Udaleko ordezkariak bildu ziren.

Azken egunetan, bitartekariek, ELArekin batera, kontseiluko kide desberdinekin biltzeko aukera izan dute (besteak beste, Eneko Goia, Denis Itsaso edo Jaime Otamendirekin). Bilera horietan, kontseilariek onartu zuten bitartekarien lan baldintzak txarrak zirela, eta hobekuntzak eman behar direla. Bitartekariek gogorarazi zieten Administrazio Kontseiluaren bilera aukera ona izan zitekeela hobekuntza horien inguruan hausnartu eta proposamen zehatzak adosteko.

Tamalez, Administrazio Kontseiluko bileran ez zen gatazkari amaiera emateko inongo proposamen zehatzik onartu, guztiz kontrakoa, beste behin ere, gatazka langileen eta enpresaren (Sedena) artean konpondu beharrekoa dela berretsi zuten. Jarrera hau arduragabekeria hutsa da eta Tabakalerak gatazka egoera honi amaiera emateko duen borondatea kolokan jartzen du. Negoziaketen blokeo egoera ikusirik, Tabakalerak arduraz jokatu eta negoziaketan modu aktibo batean parte hartu beharko luke, bitartekarien, Sedenaren eta Tabakaleraren arteko akordioa erdiesteko.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.