2018-03-22 15:36

Estatuko ostalaritzako patronalak (FEADRS) ELA, LAB, CCOO eta UGTk CONFEBASKekin sinatutako Akordio Interprofesionala inpugnatzea erabaki du. Gogoratu behar dugu akordio horren baitan EAEko gure hitzarmen kolektiboek Estatukoekiko lehentasuna dutela. FEADRSek Akordio Interprofesionala inpugnatzea erabaki du CCOO eta UGTren bitartez Ostalaritzako Akordio Markoa indargabetzeko estrategiak porrot egin ondoren. Patronal honen asmoa, CCOO eta UGTk bezala, Estatuko Ostalaritzako Akordioari lehentasuna ematea da, eta honek sektoreko kontratu berrietan soldatak %50ean murriztea suposatuko luke.

ELAren iritziz inpugnazio hau oso larria da eta euskal alderdi politikoei EAEko langileek bere lan baldintzak negoziatzeko duten gaitasuna defenda dezaten dei egiten die. Gogorarazi nahi dugu Zapateroren lan erreformak ireki zuela negoziazio kolektiboa estatalizatzeko aukera eta erreforma hau Espainiako Gobernuak EAJren abstentzioarekin onartu zuela. Ondoren, ELA hitzarmenen estatalizazioari buruzko bere ardura Urkullu Lehendakariarekin konpartitzen saiatu zen eta honek ELA hartzeari uko egin zion. Espainiako Gobernuarekin izandako negoziaketetan lan-baldintza duinak defendatzea ez da inola ere lehentasuna izan. Euskal administrazioek estatuko hitzarmenen erabilera ikustea besterik ez dago gai honi ematen zaion garrantzia ikusteko.

ELAk euskal administrazioei langileen lan baldintzak %50ean murrizteko prest dauden enpresei berarekin kontratatzeko zilegitasuna ukatzea eskatzen die. Are gehiago, kontuan izanik sektore honetan ari diren langileen gehiengoa emakumeak direla, erabateko hipokresia irudituko litzaiguke bide honen bitartez gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala zabaltzea, era berean, ustez arrakala honekin amaitzeko elkarrizketa sozialeko foroak irekitzen direnean.

Edonola, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak ostalaritzaz haraindi ondorio izugarriak dauzka, Estatuko Hitzarmenak aplikatzeko bidea irekitzen du, kasu gehienetan EAEko lan-baldintzak modu garrantzitsuan okertzen dituzten hitzarmenak, hain zuzen. Horregatik, ELAk Legebiltzarreko taldeekin bilerak izan nahi ditu eta alderdi ezberdinen babesa jaso nahi du enpresari elkarte krudel hauen aurrean.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.