2020-07-08 13:24
Uztailaren 8an suhiltzaile-gidari 50 lanpostu betetzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarriak argitaratu dira BAOn, nahiz eta langileek ez duten bermerik prozesuko probak prestatu ahal izateko eta oposizio horretako probak prestatzeak kutsatzeko arriskua areagotzen duen.

ELAk, negoziazioko azken mahaietan, oinarrien argitalpena atzeratzeko eskatu zuen; izan ere, COVID-19rekin bizi dugun egoera ikusita, langileak ez daukate nahikoa berme prozesu luze hau prestatu ahal izateko.

Gainera, oposizio horren probak prestatzeak larrialdietako zerbitzu bateko langileak, suhiltzaileak, kutsatzeko arriskua areagotzen du, eta horrekin zerbitzu hori emateko bermea murrizten da.

Arrazoizkoa zatekeen, BFAk frogen atzerapena onartzen ez badu, zentzuzko kautelazko neurri batzuk hartu izana gutxienez, hala nola positiboa den edo pertsona positibo batekin harreman estua izan duen izangai baten kasuak kontuan hartzea, prozesutik kanpo utzi gabe.

BFAk hartutako kautela-neurri bakarra izan da berak lege-errekurtsoak saihesteko, hautaketa prozesuak arautzen dituzten klausuletako bat urratzeagatik, hau da, azterketa eta azterketa arteko epea 45 egunetik gorakoa ez izateagatik. Klausula honekin, Aldundiak, osasun egoeragatik proba bat bertan behera utzi behar badu, ez dago horretarako eperik, eta deialdia egiten duenean izangaien erdiak ezin badira aurkeztu, prozesutik kanpo geratuko dira. Guzti honekin, hautagaiek erabateko babesgabetasuna izango dute.

Bizkaiko SPEISetako langileak lehen lan-lerroan eta borrokan aritu dira hilabete hauetan baina badirudi Foru Aldundiak ez duela horrela baloratzen, eta oinarri hauek argitaratu ditu, dozenaka suhiltzaileren eta Bizkaiko herritarren enplegua eta osasuna jokoan jarriz.

ELAk, Aldundiari eskatzen dio, erreflexio bat egin dezala eta benetako kautelazko neurriak sartu ditzala froga hauek egin ahal izateko. Adibidez:

 

  • Frogak egingo direnean, positiboak diren eta berauen gertukoak ez direla prozesutik kanpo geratuko bermatzea.
  • Kirol instalakuntzak (kiroldegiak, etab...) ez badira egoera normalizatuan zabalik egongo, froga fisikoak berauek zabaltzetik hilabete batzutara egitea.
  • Frogen hasiera, 2021eko ekainera atzeratzea.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.