2018-12-04 12:00
%75eko jarraipena izan du abenduaren 4an egindako lanuzteak, eta abenduaren 11rako 3 orduko lanuztea eta abenduaren 19rako egun osoko greba deitu dute STEILAS eta ELA sindikatuek. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileek urte luzeak daramatzate baldintza prekario eta onartezinetan lanean. 2018ko martxoan Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutakoa akordioko zehaztapen ezak langileon lanpostuak kolokan jarri zituen, eta 9 hilabeteotan Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak ez dute langileon baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman.

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileak urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: besteak beste, ez dute lanpostu zerrendarik; %100 behin-behinekoak dira; ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez; Hezkuntza Sailarekiko, batez beste, 2 kategoriako aldea dute, honek sortzen duen soldata arrakalarekin.

Urtetan zehar izan duten ziurgabetasuna izugarria izan da eta baldintza hobeak dituen beste lanpostu bat bilatzera bultzatu ditu; azken urte erdian, bataz beste, 25 langileetatik 16k beren lanpostua utzi dute Haurreskolak Partzuergoan, langileen %64ak!

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak jasotzen zituen Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak. Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen.

Akordioa sinatu zenetik ia 9 hilabete pasa direnean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute; oraindik ez dute inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELA sindikatuek Kudeaketa langileen aldarrikapenak babestu dituzte, eta jarraipen zabala izan duen lehen lanuztea egin dute, Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari lan baldintza duinak exijitzeko. Mobilizazio hauek abenduaren 11n izango dute jarraipena, 3 orduko lanuzte batekin, eta abenduaren 19an egun osoko greba egingo dute. Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:

  • Lanpostu zerrenda duina osatu.
  • Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.
  • Ordezkoen araudi propioa sortu.
  • Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu duten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoa gai honen inguruan negoziatzeko negoziazio-mahaia deitzera behartu dugu: bilera hau abenduaren 14an izango da. Mahai horretara langile hauen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat eramateko exijitzen diogu Haurreskolak Partzuergoari, horrela izan ezean greba eta mobilizazioekin jarraituko baitugu. Eta Haurreskolak Partzuergoari eta LAB sindikatuari eskatzen diegu ez dezatela STEILAS eta ELA sindikatuon eskubide sindikalak eta negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen jarraitu, eta kudeaketa langileen lan baldintzen negoziazio osoa negoziazio-mahaira eraman dezatela.

Haurreskola Partzuergoko kudeaketa langileen lan baldintza duinak negoziatu!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.