2019-01-29 12:47
Abenduan egindako bi lanuzte eta lehen greba egunaren ondoren, otsailaren bostean eta seian beste bi greba egun egingo dituzte kudeaketa langileek. Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu zuten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoak Lanpostuen Balorazio Batzorde bat sortzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, soldata, kategoria, funtzioak, etab. definitzeko. Hasiera batean, Batzorde honetan administrazioko bi kidek eta langileen ordezkarien beste bik parte-hartzea proposatu zuen enpresak, langileen ordezkaria den sindikatu bat batzorde horretatik kanpo utziz. Erabaki hau baztertzailea eta onartezina da.

STEILAS eta ELAren agiria:

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileek urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: ez dute lanpostu zerrendarik; %100 behin behinekoak dira; ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez. Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, bi kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab. Bizi duten ziurgabetasun, prekarietate eta lan kargek egoera jasangaitza bihurtu dute, eta honek azken hilabeteetan langileen %64ak bere lanpostua utzi behar izatea eragin du.

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen. Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia urtebete pasa denean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe oraindik.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELA sindikatuek Kudeaketa langileen aldarrikapenak babestu, eta pasa den abenduan mobilizazioekin hasi ginen, %75etik gorako jarraipena izan zuten 2 lanuzte eta egun osoko greba egun bat eginez. Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:

- Lanpostu zerrenda duina osatu.-

- Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.

- Ordezkoen araudi propioa sortu.

- Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Mobilizazio, lanuzte eta greba deialdiek sortu zuten presioaren ondorioz, Haurreskolak Partzuergoak Lanpostuen Balorazio Batzorde bat sortzeko proposamena jarri zuen mahai gainean soldata, kategoria, funtzioak, etab. definitzeko. Hasiera batean, Batzorde honetan administrazioko 2 kidek eta langileen ordezkarien bi kidek parte-hartzea proposatu zuen enpresak, langileen ordezkaria den sindikatu bat Batzorde horretatik kanpo utziz. Erabaki hau baztertzailea eta onartezina zela salatu genuen.

Azken mahai negoziatzailean, LBBa Hezkuntza Saila eta Partzuergoko 3 kide eta langileen ordezkarien 3 kideekin osatzea onartu zuen enpresak. Hala ere, STEILAS eta ELA sindikatuontzat Partzuergoak helarazitako Batzordearen funtzionamendu txostena onartezina da: ordezkaritzaren baitan erabakiak hartzea proposatzen da eta langileekin ezingo da kontrasterik egin, proposamenak jasotzen duen konfidentzialtasun klausula dela eta. Eta bestetik, egutegi zehaztugabea proposatzen da, enpresak negoziaketa luzatu eta langileen desmobilizazioa bilatu nahian.

Bai STEILASek eta baita ELAk ere, oso argi dugu negoziazio eremua mahai negoziatzailea dela, ordezkaritza daukagun sindikatu guztion parte hartzearekin, eta ez dugula negoziaketa hau gehiago luzarazteko estrategiarik onartuko eta inondik inora ez dugula langileengandik ezkutuan negoziatuko.

Hainbat urtetan kudeaketa langileen lan baldintza eta egoera prekarioari irtenbiderik eman gabe ostean, mahai negoziatzailean egindako planteamendu hauek langileekiko arduragabekeria eta errespetu falta izugarria suposatzen dute. Baina gure aldarrikapenak lortu arte borrokan tinko jarraitzeko erabakia hartua dugu. Zentzu honetan, otsailaren 5erako eta 6rako beste bi greba egun egingo ditugu kudeaketa langileen kolektiboan Haurreskolak Partzuergoari langile hauen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat mahai gainean jar dezala exijitzeko, horrela izan ezean greba eta mobilizazioekin jarraituko baitugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.