2019-06-14 12:39
Gipuzkoako komisaldegi eta epatiegien garbikuntzaz arduratzen diren grebalariek hiru eguneko kanpaldia egingo dute Donostian gizarteari euren egoearen berri emateko. Ekainaren 19an bederatzi hilabete egingo dituzte greban kale garbikuntzarekiko pairatzen duten soldata-arrakala gainditzeko

Kanpaldia deitzen duten sindikatuek –ELA, ESK, LAB eta UGT– agerraldia egin dute gaur gatazka honen nondik norakoak azaltzeko. Dagoeneko bederatzi hilabete igaro dira greban hasi zirenetik. Denbora honetan –greba 2018ko irailaren 19an hasi zen– hamaika mobilizazio egin dituzte, baina zerbitzu publiko honen arduradunek ez dute ezer egin gatazka konpontzeko. Grebalariak nazkatuta daude, eta euren mobilizazioetan urrats berriak egitea erabaki dute. Honen adibide, ekainak 17, 18 eta 19an Donostiako Boulevardean egingo duten kanpaldia.

Greba honen helburua soldata arrakalarekin amaitzea da; hau da, lan bera egiteagatik gizonen eta emakumeen artean dagoen soldaten ezberdintasunarekin bukatzea. Komisarietako langileekiko %13ko aldea dago euren soldatatan; %7koa eraikin judizialekiko.

Azken asteetan negoziazioan ez da inolako aurrerapausorik egon eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Segurtasun sailak, zerbitzuaren arduradun zuzenak direnak, ez dira langileekin biltzeko gai izan gaurdaino. Gakoa da ez dutela onartu nahi soldata arrakala dagoenik. Aurrekari arriskutsua izango litzateke, izan ere, EAEko garbitzaile guztiek pairatzen baitute arrakala hein batean ala bestean. Zerbitzuaren esleipendunak ere –Garbialdi enpresak– ez du negoziazio seriorik abian jarri. Orain arte gatazka konpontzeko borondatea agertu duten bakarrak langileak izan dira. Lehengo une batean uko egin zioten hitzarmen honetan soldata arrakalarekin amaitzeari, baldin eta hurrengo hitzarmenean lortzen bazen helburua. Baina hori ere ez zuten nahi izan. Bigarren une batean alde sozialetik argi utzi genion enpresari akordioa lortze aldera prest geundela hitzarmen honetan soldata arrakalaren %70a gainditu lukeen akordioa sinatzera, soldata arrakala bera aipatu gabe eta hurrengo hitzarmena baldintzatu gabe. Mugimendu horri esker puntu horretan adostasunera heldu ginen. Une batean bazirudien akordioa erdietsiko genuela, tamalez ez zen horrela izan.

Non dago arazoa orain? Kontua da oinarrizko soldatan dagoen soldata arrakalaz harago, osagarrietan ere arrakala dagoela. Indarreko hitzarmenean toxikotasun eta nekagarritasun plusak araututa egon arren, ez diete halako plusik ordaintzen ez dutelako onartzen langileak arrisku hori dutenik. Hala ere, argi dago arrisku hori egon badagoela, eta hala islatu da zerbitzu minimoak ezartzeko egon diren dekretu ezberdinetan.

Sindikatuok eta langileek eskatzen duguna da legeak ezartzen duena aplikatzea. Eurak ez datoz bat gure irakurketarekin, eta ez dute hitzarmenean dagoena aplikatu nahi. Ados jartzen ez garenez, gaia negoziaziotik kanpo uztea proposatu diegu. Hau da, gaia epaitegietara eramatea eta epaile batek erabaki dezala nork duen arrazoia. Baina hori ez ez dute nahi. Gai honen inguruan langileok eskatzen duguna aplikatuko balitz %20, %25 eta %30 bitarteko soldata igoera suposatuko luke arrisku horiek jasaten dituzten denboraren arabera.

Egoera honen aurrean, sindikatuok zera galdetu nahi diogu Eusko Jaurlaritzari eta haren buru den Iñigo Urkulluri: Nola da posible azpikontrata publiko batean lan osasuneko gai bat izatea akordiorik ez egoteko arrazoia, noiz eta langileak prest daudenean justiziak diona onartzeko? Administrazio publikoek aukera ezin hobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa. Legeriak aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioei aurre egiteko, generokoak barne, gizarte klausulen bidez. Baina euren jarrera oso bestelakoa izan da. Zentzu honetan bereziki salagarria da Justizia sailak eraikin hauen garbiketa agintzen zuen bi dekretu argitaratu izana. Gatazkaren epaile eta parte bihurtu dira. Soldata arrakala toxikoa da, eta horren aurkako borrokan jarraituko dugu grebalariekin batera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.