2020-02-21 12:02
Otsailaren 22a, soldata berdintasunaren Europako eguna, zuriketa morea egiteko egun aproposa ere bada. Instituzio, patronal eta botere faktikoek propaganda eta marketing sasifeminista egiteko aprobetxatuko dute, hauteskunde garaian ere bai baikaude.

Soldata arrakala zenbaki gorri bat izateaz gain, lan merkatua errotik sexuaren arabera banatuta dagoela bergogorazten digu eta bestalde, instituzioek aipamenik ere ez diote egiten lan merkatuan eta honetatik kanpo emakumeok bereziki bizi dugun lan eta bizi baldintzen prekaritateari. Ustezko euskal oasian ere prekaritatea geroz eta hedatuago dago, eta batez ere emakumeoi eragiten digu.

EAEren kasuan Jaurlaritzak soldata-arrakala murrizteko estrategia martxan du, helburua 2030. urtean soldata-desberdintasunik txikieneko Europako bost herrialdeen artean kokatzea delarik. Asmo handiko helburua, baina errealitatean zer gertatzen ari da? Nola eraldatu emakumeon lan eta bizi baldintzak oraindik gure lanek gizonen lanekin alderatuz balio sozial eta ekonomiko gutxiago dutenean?

Euskal gobernu eta administrazioen kasuan, beraiek dira soldata arrakalaren eragile kasu askotan: zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzean soldata bera eduki beharko luketen lan asko pribatizatu eta azpikontratatzen dira, lan hauetan emakumeak nagusi garelarik: zahar-egoitzetan, garbikuntzan, eskoletako jantokietan...

Honen aurrean soldata arrakalarekin bukatzeko adibide praktikoak badaude, eta zentzu honetan, aipamen berezia egin nahi diegu lan sektore prekarizatu eta feminizatuetan soldata arrakalari aurre egiteko egin diren eta egiten ari diren borroka eta grebei. Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak â€'gehienak emakumeakâ€' 280 greba egun egin zituzten 2019ko irailetik ekainera kaleko garbitzaileen â€'gehienak gizonakâ€' soldatarekiko zegoen arrakala %70 murrizteko. Elorrioko Udalak azpikontratatutako garbikuntzako langileek ere bost hilabeteko greba egin zuten, kolektiboaren soldata %20,76 igotzea lortu zutelarik azkenean. Ezin da ahaztu ere oraintxe bertan borrokan diharduten EHUko eta Hezkuntza sailak azpikontratatutako garbitzaileen kolektiboa "Lan berdina, soldata berdina" lelopean, %13ko soldata arrakala salatuz Jaurlaritzako garbitzaileekin aldean. Gipuzkoako Garbikuntza sektoreko adibide praktiko hauekin batera, Gipuzkoako Aldundiak zahar- egoitzetan dagoen soldata arrakalarekin bukatzeko aukera paregabea du momentu honetan eta, bide batez, 220 egun baino gehiagoko grebari konponbidea emateko ere.

Greba eta gatazkez aparte ELA sindikatutik proposamen zehatzak egin dizkiegu euskal administrazioei soldata arrakalaren inguruan:

1.200€ko gutxieneko soldata; astean 35 orduko lan jardunaldiak; administrazioek pribatizatutako zerbitzuetan edo bultzatutako azpikontratetan soldata baxuagorik ez onartzea; subrogazio eskubidea bermatu; soldata igoera handiagoak feminizatutako sektoreetan, balio berbera duten lanak berdin ordaindu daitezen; kalitatezko enpleguaren aldeko politika publikoak sustatzea, emakumeek jasaten dituzten prekaritate egoerei aurre egiteko; zaintzarako zerbitzu publiko doakoak eta unibertsalak garatzea; etxeko eta zaintza lanen banaketa parekidea eta hauen balio sozial eta ekonomikoaren aitortza, edota kontziliazio neurriak ez izatea soldataren kontura edo karrera egiteko aukeraren kontura, besteak beste.

Euskal gobernu eta administrazioek aukera paregabea dute soldata arrakalari ekinez aurre egiteko, eta ez deklarazio eta analisi teoriko hutsez. Zuriketa morea edo benetako politika feminista eraginkorrak: Espero dugu bigarren bide honi heltzeko aukera izatea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.