2019-12-16 11:20
Gipuzkoako garbikuntza sektoreko 6.700 langileek greba egingo dute abenduaren 17an soldata arrakalarekin amaitzea ahalbidetuko duen hitzarmen bat lortzeko. 6.700 lagun aritzen dira Gipuzkoako garbikuntza sektorean eraikinak eta lokalak garbitzen; horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute. Gainontzekoei, 5.000 baina gehiagok, Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen zaie. Garbikuntzan diharduten langile gehien gehienak (%85a) eraikin eta lokalen garbiketan dihardute; gainontzekoak, kale garbiketan. Emakumeak dira nagusi eraikin eta lokalen garbiketan â€'%80â€', alde handiz. Berriz, kale garbiketan aritzen diren ia lagun guztiak gizonezkoak dira â€'%80a baina gehiagoâ€'.

 Lanaren sexu-banaketa oso nabarmena da, beraz, garbikuntzaren sektorean. Horrek soldata arrakala eragiten du, sektore feminizatuko langileen kaltetan. Gipuzkoako garbikuntzan, adibidez, %28ko aldea dago kale garbiketako eta eraikin eta lokalen garbiketako langileen artean, hau da, gizon eta emakumeen artean. Lehenak urtean 23.183 euro jasotzen ditu; bigarrenak, 17.784. Hau da, 5.401 euro. Lurraldea eta aplikatzen den lan-hitzarmenaren arabera, arrakalaren tartea handitu ere egin daiteke garbikuntzaren sektorean; zenbait kasutan %42,85era iritsi liteke. Esaterako, Bizkaian.

Aurrekoa, noski, lanaldi osoa kontutan hartzen bada. Eraikin eta lokalen garbiketan diharduten emakume gehienek lanaldi partzialak dituzte, eta horren ondorioz soldata hauek are eta urriagoak dira, horrek dakartzan gainontzeko ondorioekin: langabezian geratuz gero prestazio baxuagoak, pentsioak are eta kaskarragoak…

Egoera hau irauli asmoz ELAk greba eguna deitu du abenduaren 17rako Gipuzkoako garbikuntzan. Langileek urtebete baina gehiago daramate Aspel patronalarekin sektoreko hitzarmen berria negoziatzen. Denbora honetan ere hainbat mobilizazio egin dituzte. Alferrik. Patronalak ez du soldata arrakalaz hitz egin nahi, egungo egoera betikotu nahi du. Are eta okerragoa dena, soldata arrakala dagoenik ere ez du onartzen. Eta berdin zaio langileek azken urte hauetan eros-ahalmenaren %10a galdu izana.

Ane Alberdi ELAk Gipuzkoako garbikuntzan duen arduraduna da. Soldata arrakalarekin amaitzea lehentasun bat dela azpimarratzen du. “Justizia sozialeko gai bati buruz ari gara, eta gizarte osoari dagokio, soldata arrakala bidegabea delako. Gizarteak ezin du ez ikusiarena egin. Sinetsita gaude antolatuz, borrokatuz eta mobilizatuz helburua lortuko dugula. Asko falta da soldata arrakalarekin amaitzeko, asko, baina garaipen txikiak lortzen ari gara”.

Baina, soldata arrakalarekin amaitzeaz gain, beste hainbat helburu ditu ELAk hitzarmenaren negoziazioan. “Sektore honetan baja asko izaten ditugu ohiko gaixotasunengatik, eta hauek sarritan gaixotasun profesionaletatik eratorriak izaten dira, nahiz eta gaixotasun profesionaletako zerrendan jaso ez. Horregatik absentismoarengatik kaleratzeko debekua funtsezkoa da. Bestalde, jakina den bezala, sektorearen gehiengoak oso lanaldi txikiak ditu, eta hori hobetzeko egiten diren ordu konplementarioen %50a kontsolidatzea eskatzen dugu, lanaldiak handitzeko helburuarekin”.

ELA negoziazio kolektibo feminista bat lortzeko prozesu betean dago. Hitzarmenean berdintasun planen inguruko klausula mahaigaineratu du ELAk. “Sektore feminizatu honetan oso garrantzitsua iruditzen zaigu bertako berdintasun planak adostea, baita estatu mailako inplementazioa duten enpresetan ere”.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.