2020-07-08 12:00
'Pandemia eta haratago: etorkizun publiko komun baterako antolatzen ari diren langileak'. Izenburu honekin ospatuko da Sindikatuen Asanblada Mundiala uztaila, abuztua eta irailean zehar. Mundu osoko 100 sindikatutik gora izango gara parte hartzen, krisi honetatik irteera justu eta iraunkor bat izan dezagun. Uztailaren 9an irekiera ekitaldia egingo da.

2020ko apirilean, Demokrazia Energetikoaren aldeko Sindikatuekin (TUED) lan egiten dugun sindikatu talde bat bildu ginen Nazio Batuen 2020ko Klima Aldaketaren goi bilerarako planak eta trantsizio energetikoko politiketan aurrera egiteko hurrengo urratsak berrikusteko. Bileraren unean, koronabirusaren pandemia puri-purian zegoen eta COP26 2021era arte atzeratu zuten. Deialdian parte hartu genuon sindikatuok, ELA barne, pandemiarekin, zerbitzu publikoekin, klimarekin, finantzekin eta langileon eskubideekin lotutako hainbat kezka planteatu genituen. Premiazko gai horiek elkarrekin lantzeko proposatu zen Asanblada, COVID ondorengo mundu baterako ideiak, ekintzak eta proposamenak garatzeko.

Mundu osoan, krisiak agerian utzi du, osasun sistema publiko eta beste zerbitzu publiko sendo batzuk ezinbesteko beharra direla, eta funtsezko premiak asetzeko soldata baxuak, informalak eta prekarioak dituzten hainbat langilek â€' sarritan emakumeak eta etorkinak â€' ezinbesteko ekarpena egin behar dutela. COVID-19 baino lehen, langile horietako askok lan baldintza kaskarrei eta prekarioei, lan segurtasunik ezari eta finantza zailtasunei egin behar zieten aurre. Pandemiak goizetik gauera heroi bihurtu baditu ere, aldi berean, aurre egin behar dieten osasunerako eta segurtasunerako arriskuak izugarri handitu dira. Asko hil dira.

Aurrekaririk gabeko krisi sanitario, sozial eta ekonomiko baten erdian bilduko gara. COVID-19ren pandemiak eta hartutako neurriek munduko hornidura kateak eten dituzte, eta eskaintza, eskaria, merkataritza eta inbertsioa nabarmen murriztu dira. Mundu osoko langile eta gizarteei eragiten die. OITren arabera, langileen % 81ari eragin die, eta mundu mailako 195 milioi lanpostu murriztu dira 2020ko bigarren hiruhilekoan. COVID-19ren krisia Bigarren Mundu Gerratik izandako munduko krisirik larriena dela esan du.

Asanbladaren helburuak:

1. Gaur egun jasaten ari garen krisi sanitario, ekonomiko, sozial eta politikoaren azterketa sakontzen laguntzea.

2. Sindikatuen eta gizarte mugimenduen arteko nazioarteko elkartasuna sustatzea, osasun publikoko larrialdiari eta gertatzen ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko. Hauek, bereziki larriak izango dira Hegoalde globalean.

3. Kalitate handiko zerbitzu publiko unibertsalak defendatzeko, eskatzeko eta zabaltzeko deia egitea, besteak beste, ura, osasun arreta, hezkuntza, ikerketa, mugikortasun publikoa, energia, lurra eta gehiago. Eta gure ekoizpen eta kontsumo ereduak modu planifikatu eta koordinatuan deskarbonizatzeko.

4. Pandemiaren aurkako borrokaren mozorropean, militarizazio eta autoritarismo gero eta handiagoari aurre egiteko dugun gaitasuna indartzea.

5. Gure eskaerak eta estrategia partekatuak garatzen jarraitzea, sindikatuei eta langileei laguntzeko. Egungo krisitik indartsuago, bateratuago eta erabakigarriago ateratzea, erabat bestelako etorkizuna eratzeko.

Aurkezten zaizkigun erronka ugariei aurre egin ahal izateko eta herritarrentzako egokiak diren berreskuratze eta berreraikitze justuak eta mesedegarriak bultzatu ahal izateko, langileek zuzendutako mundu mailako sindikalgintza eraiki behar dugu, elkartasunean eta berdintasunean oinarritutakoa, eta statu quo pre-pandemikora itzultzea aukera bat ez delako usteak bultzatuta.

 

Asanbladaren informazio gehiago

Programa

Izena emateko 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.