2019-05-24 12:37
Legazpiko JOAQUIN BERECIARTU, S.A. enpresak, epaitegiko adiskidetze-ekitaldian, onartu dio langile zenduaren familiari 170.000 euroko kalte-ordaina, erantzukizun zibila dela-eta, langile hori silize-hautsarekiko esposizioan luzaroan egotearen ondorioz birika-minbiziaz hil zelako. Langilea errotaria zen Legazpiko enpresa horretan 1979 urteaz geroztik.

Kalte-ordain horren bidez amaiera eman zaio prozedura judizialari, langile zenduaren familiak, erantzukizun zibila eta funtsezko eskubideen babesa alegatuz, sustatu zuenari; enpresak, lan-segurtasun eta osasunaren arloan, zituen eginbeharrak ez betetzeagatik.

Gogoratu beharrekoa da Lan-arloko Eibarko 1 zk.ko Epaitegiak, 2019ko otsailaren 14an, frogatutzat jo zituela enpresaren oso irregulartasun larriak denboran zehar, langileen lan-segurtasun eta osasunaren arloan. Eta langile zenduari buruz honela dio: "silize-hautsarekiko esposizioan egon zen haren lan-harremanetan zehar, onargarri diren mailetatik gora, eta horren ondorioz birika-gaixotasuna sortu zitzaion"; eta, gainera, 2009. urterako, hildako langilearen silize-hautsarekiko indizeek "arrisku-maila onartezina" erakusten zuten.

Ildo beretik ELAk azpimarratzen du JOAQUIN BERECIARTU, S.A. enpresaren arduragabekeria, zeren segurtasun-neurririk eza izan baita enpresa horren eguneroko ohitura. Eibarko epaian esandako beste hau ere nabarmendu beharrekoa da: hildako langilearen lankide batzuek silikosi-diagnostikoa zuten 2010. urteaz geroztik; eta, hala ere, enpresak ez zien jaramonik egin OSALANen gomendioei, zeinetan ohartarazten baitzen segurtasun-gabezia nabarmenak eta lazgarriak zeudela, eta ezin onartuzko arrisku-mailak gutxitzeko berehalako neurriak hartu beharra zegoela.

Halaber, ELA sindikatuarentzat onartezinak dira Zuzendaritzaren gaitzespen etengabeak, akordio judiziala dela-eta. Enpresaren segurtasun-neurririk ezagatik hildako bat tartean dagoela, harrigarria da beraien kezka-iturria ELA izatea, prebentzio-neurriak hartzea izan beharrean, horrelako gertaera tamalgarririk errepika ez dadin.

Azkenik, ELAk agertu nahi du bere konpromiso sendoa lan-ezbeharren aurkako borrokarekin. Borroka hori ezin da mugatu asmo oneko adierazpenak egitera edo eraginkortasun gutxiko zabalkunde-kanpainak egitera. Administrazio publikoek eta elkargo patronalek lan-osasuna jarri behar dute beren agenda estrategikoen erdigunean, gehiago luzatu gabe, lan-segurtasun eta osasunaren arloko lege-aginduak bene-benetan betetzeko, kanpora begirako itxurak egin gabe.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.