2018-10-03 11:13
Sarrigurenen egindako inkesta baten arabera, partehartzaileen %83ek diote neke emozionala "beti edo ia beti" izan dutela, eta erdiek baino gehiagok lan-arrazoiengatik antsietatea pairatu dutela.

Siemens Gamesak huts egin du arrisku psikosozialetan. Ondorio hori atera da enpresak Sarrigurengo enplegatuei egindako inkesta batetik. Lagina osatu zuten 409 partaideetatik %83ek neke emozionala "beti edo ia beti" izan dutela aitortu zuten. Izatez, lan-estresaren mailak oso altuak dira konpainian, eta lautik batek dio antsietate-uneak pairatu dituela lanarekin loturiko arrazoiengatik. Horren haritik, kaleratzeen beldur ote diren galdetuta, ia erdiek baietz erantzun zuten. Alde horretatik oroitu beharrekoa da 2012az geroztik bi berregituratze-prozesu egin direla enpresan.

Enplegatuek ez dituzte ongi baloratzen lan-karga eta antolamendua zenbait alderditan. Izan ere, ia erdiek diote ezin dutela lana egunean eduki, eta %71en arabera egoera larriagotu da Gamesak Siemens bereganatu zuenetik.

Azkenik, inkestatuak ez daude ados eginkizunak eta ardurak esleitzeko moduarekin. Hortaz, lautik hiruk diote ez dagozkien erabakiak hartu behar dituztela, eta erdiak baino gehiago kexu dabiltza lana behar bezala egiteko prestakuntzarik eta informaziorik ez jasotzeaz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.