2020-06-24 13:44
Epaiaren arabera, enpresak atzera egin beharko du eta aldebakarrez aldatu zuen 2019ko egutegiaren aurreko egoerara itzuli beharko du. ELAk jarritako demanda bati esker lortu da hau.

Gasteizko Lan Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak baliogabetzat jo du Arcelor Mittalek Agurainen duen lantegi batean 2019ko egutegia aldatzea. Aldaketa horren ondorioz, enpresaren zuzendaritzak norberaren aukerako egunak murriztu zizkien aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko, aitatasuneko edo grebako egoeretan zeuden langileei. Murrizketa horiek posta elektroniko bidez jakinarazi ziren, eta ez zen inolako azalpenik eman. Beraz, epaiaren arabera, "Langileen Estatutuaren 41. artikuluan legez ezarritako bidea betetzea eska zitekeen. Horregatik, bidezkoa da demanda onartzea eta lan-baldintzen funtsezko aldaketaren deuseztasuna deklaratzea".

Aurrekoaren ondorioz, eragindako langileek "aldaketaren aurreko egoerara itzuli beharko dute, deklarazio horrek berekin dakartzan ondorio legal eta ekonomikoekin".

ELAk azpimarratu duenez, Arcelor Mittalek, askotan, lan arloko legedia bete behar ez balitz bezala jokatzen du, "alde bakarreko erabakiak inposatuz". Sindikatua pozik agertu da epaiaren edukiarekin, eta lana duintasunez defendatzeko konpromisoa berretsi du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.