2018-04-17 16:23

ELAk eskatuta Sektorearteko Akordioaren Batzorde Paritarioa bildu da estatutako ostalaritza kolektiboko patronalak (FEADRS) ezarritako inpugnazioari buruz hitz egiteko. Inpugnazio horrek Sektorearteko Akordioa eta EAEko langileen negoziaziorako eskubideak larriki zalantzan jartzen ditu.

FEADRSek Sektorearteko Akordioa inpugnatu du Ostalaritzako Akordio Markoa EAEko Auzitegi Nagusian baliorik gabe uzteko estrategiak porrot egin ondoren, kasu horretan CCOO eta UGTk inpugnatu zuten. Eragile hauen guztien -CCOO, UGT eta FEADRS- helburua Estatuko Ostalaritza Kolektiboko Hitzarmena aplikatzea da, horrek soldatak %50 arte murriztea ekarriko luke, jardunaldi osoan ari diren langileentzat 11.000 eurotarako soldata murrizketa ekarriko lukeen neurria, hain zuzen, oso feminizatua eta lanaldi partzialek garrantzi izugarria duten sektore batean.

FEADRSek Sektorearteko Akordioaren bidea hartu du miseriazko lan-baldintza horiek aplikatzeko. Horregatik, ELAk hurrengo puntuak jasoko dituen Sektorearteko Akordioaren Batzorde Paritarioaren adierazpena egitea proposatu du:

  • Ostalaritzako Akordio Markoaren eta Sektorearteko Akordioaren inpugnazioak gaitzestea.

  • Estatuko Ostalaritza Kolektiboko Hitzarmenaren aplikazioari uko egitea.

  • Bileran geunden erakundeen aldetik FEADRSekin EAEn eragina izan dezakeen edozein akordio sinatzeari uko egitea.

  • EAEko gizarte eragileek bertako langileen lan-baldintzak negoziatzeko dugun eskubidea berrestea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari bere babesa eskatzea eta FEADRS patronalari inpugnazioa bertan-behera uztea eskatzea.

Adierazpen hau ezin izan dugu onartu CCOO eta UGTk uko egin diotelako hemen adostutako lan-baldintzak Estatuko Ostalaritza Kolektiboko Hitzarmenaren aurretik aplikatzea espreski eskatzeari, inpugnazioa 11.000 eurotako soldatak inposatzeko egin den arren.

ELAren ustez ezinbestekoa da eragile sozial, patronal eta politikoen konpromisoa argi adierazteko ez dugula baimenduko ez sektore honetan ez beste inon 11.000 eurotako soldatak aplikatzea. Sektorearteko Akordioa helburu hau lortzeko bide zilegi eta legezkoa da, eta FEADRS patronalaren aurrean gure indar guztiarekin defendatuko dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.