2018-10-12 13:24
CCOO, LAB eta UGT sindikatuek akordio bat sinatu dute Nafarroako Gobernuarekin, sektore publikoan soldata-masaren %0,30 banatzeko. Akordio horrek 2018-2021 aldian iraunen du indarrean, baina Estatuak betekizun bat ezarri du: Nafarroak urte horietan superabita izan behar du aurrekontuetan. Hau da, %0,30 hori banatu ahal izateko, Nafarroak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean diru-sarrera gehiago izan behar du, gastuak baino; bete gabe geratuko diren beharrizan sozialak aintzat hartu gabe, eta Nafarroan 83.000 pertsona bizi dira pobrezia-egoeran.

Ekitaldiak superabitarekin bukatzeko betebeharra politika neoliberalaren oinarria da. Ekonomia-krisiaz baliatu zen Europako Batasunak austeritate-politika ezartzeko, eta politika horrek ondorio ezin txarragoak ekarri dizkio langileriari. Austeritatea ezarri nahi izate horregatik, hain zuzen, zer eta Espainiako Konstituzioa aldatu zen 2011ko abuztuan (135 artikulua; PSOE, PP eta UPNren aldeko botoez), zorra ordaintzeari lehentasuna ematearren, bertze edozein partidaren aitzinetik (pentsioak, hezkuntza, osasuna...).

Zein da Nafarroan sinatutako akordioaren jatorria?

Ildo horretatik Nafarroako Mahai Orokorrean arestian sinatu den akordioa muga batzuen barnean kokatu da, 2018ko martxoan Madrilen PPk, CCOOek eta UGTk hitzartu zituzten mugen barnean, hain zuzen. Han, 2018-2020 urteetarako finkatu zen soldata-igoera ez zen izan 2010eko soldata-murrizketa berdintzeko adinakoa, ezta KPIren pareko soldata-igoerak bermatzeko adinakoa ere. Akordio hartan soldata-masaren %0,30 gehigarri bat bideratzeko aukera zabalik utzi zuten, baldin eta defizit-helburua betetzen bazen. Eta aukera hori Nafarroan gauzatu da CCOO, LAB eta UGT sindikatuen akordioaren bidez. Hemen 3,4 milioi banatuko dira, 241 milioiko superabit publikoaren gainean. Autogobernuaren ukazioa bera da.

Akordio hori Nafarroan sinatzea bat dator CCOOen eta UGTren ildo sindikalarekin. Sindikatu horiek, finantzaketa publikoaz baldintzaturik daudenez, babesa eman diete gobernuei (dela Madrilen, dela Nafarroan) murrizketak gehien aplikatzen zituztenean (horren adibide garbia pentsioen erreforma da, erretiro-adina 65 urtetik 67 urtera gibelatu zutenean). CCOOek eta UGTk sinaturiko sektore publikorako akordioak hauspo ederra eman zion Rajoyri. Gogoan izan akordio hori 2018ko martxoaren 12an sinatu zela, inoizko mobilizazio feministarik handiena egin zenetik 4 egunera, eta pentsiodunak karrikak hartzen ari zirenean. Gainera, negoziatzeko modu hori: akordioak Madrilen negoziatzea, Nafarroako gehiengo sindikalak errespetatu gabe (negoziazio kolektiboaren estatalizazioa), UGTren eta CCOOen apustua da Nafarroako sektore-hitzarmenak negoziatzeko.

%0,3 murrizketak mantentzearen truke

Testuinguru horretan LABen erabakia, akordio hori sinatzekoa, ezin da aise ulertu. Egia errateko, oso albiste txarra da LABek babesa ematea horrelako akordio bati, non defizit-helburua oinarri hartzen den, negoziazioa Madrilen egitea onartzen den, eta Nafarroako Mahai Orokorraren eginkizuna sukurtsal soil bat izatea den, hemengo gehiengo sindikalek ez bertze batzuek sinatzen dituzten akordioak administratzeko balio duena (oroitu beharrekoa da Nafarroan ELAk eta LABek gehinengoa dugula Mahai Orokorrean).

Beharrizan sozial handiak bete gabe eduki arren (zerbitzu publikoetako murrizketak lehengoratzea, etxebizitza izateko eskubidea bermatzea, gizarte-prestazioak duintzea...), aurrekontu-ekitaldiak superabitaz bukatzea neoliberalismoaren definizioa bera da. Ez da berri ona CCOOek, LABek eta UGTk Madrilen erabakitako akordio bat sinatu dutela jakitea, are gutxiago kontuan hartzen badugu Nafarroako presio fiskala ez dagoela zuzen banaturik, eta Europako Batasuneko azken postuetan gaudela.

Zenbait kolektibori onarturiko hobekuntzak sindikatu honen betiko eskakizunak izan dira; baina badira bertze kolektibo batzuk ere, lansariak hobetu behar dituztenak, eta Nafarroako Gobernuak hori egin beharko luke, Madrilen baimena jaso arte itxaron gabe. Sindikalismo borrokazaleak Nafarroan izan behar duen erronka Administrazioan lan egiten dutenen baldintzak hobetzea da, langile-kidego horiek antolatuz eta ahaldunduz, baina ez austeritate-politika onartuz.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.