2019-12-18 09:12
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, 2019ko azaroaren 20ko epaian adierazi duenez, Autonomia Erkidegoko Administrazioak urratu egin du langileen greba-eskubidea, besteak beste, martxoaren 8ko grebarako deialdiari dagokionez. Epaiak adierazten du Administrazioak ez ziela aurretiazko entzunaldirik eman, ez SAASko lantoki arteko Batzordeari (Segurtasun Saileko langile lan-kontratudunak), ez ELA sindikatuari (esparru horretako sindikatu nagusia), sail horretako sailburuak gutxieneko zerbitzuen aginduak zehaztu aurretik.

Auzitegiaren arabera, greba-kasuetan, funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko, lanera joan beharreko langileak ezartzen dituzten gutxieneko zerbitzuen aginduak ezarri baino lehen, langileen ordezkariei entzun behar zaie nahitaez, hori baita beren iritzia kontuan hartzeko modu bakarra, eta loteslea eta baldintzatzailea ez bada ere, entzunaldia nahitaez bete beharrekoa da. Kasu honetan, Segurtasun Sailak entzunaldia egin zuen, gutxieneko zerbitzuak finkatu ondoren, batere zentzurik ez duena.

EAEko Auzitegi Nagusiak berak, 2011. urtean, ELAren demanda baten ondorioz, eta langile berei dagokienez, greba-eskubidea urratu zela zioen epaia eman zuen arrazoi berdinagatik. Hori dela-eta, bigarren epai honetan, kalte-ordaina ezartzean, Auzitegiak kontuan hartu du "administrazioaren ez-betetze errepikakorra".

ELAren iritziz, epai horren ondoren, argi geratu da gutxieneko zerbitzuak finkatu aurretik langileen ordezkariei ez entzuteak greba-eskubidea urratzen duela, bai sektore publikoan, bai pribatuan.

Gaiaren larritasuna salatzen du; izan ere, Segurtasun Sailak bigarren aldiz ikusi du, gaiaren mamira sar ez zedin ahaleginak egin arren, epaia galdu duela. Gainera, beste behin ikusi dugu Administrazio honek begirune eskasa diela langileen ordezkariei eta grebarako oinarrizko eskubideari.

Azkenik, ELAk Jaurlaritzari exijitzen dio errespetatzeko, orain arte egin ez duena, bere langileen greba eskubidea, datorren urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorrean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.