2019-10-21 10:21
Lehengo egunean, hedabide batzuek zioten Sedena bere langileen grebaren aurka zegoela. Harrigarria litzateke enpresa bat greba egitearen alde egotea! Hori bai izanen zela albiste.Horrela eman zuten jakitera Sedenaren adierazpen bat, non enpresak langileen apeta bezala hartu zuen greba. Puntu honetara iritsita argitu beharrekoa da Sedenak hainbat erakunderen kudeaketa daramala (Civivox, Civican, Gazteriaren Etxea, Liburutegia eta Artxibo Orokorra, Tuterako gizarte-etxeak...) Greba, beraiek dioten bezala, desegokia bada... Zergatik langileek ugari-ugari egin dute? Sedenak, grebaren arrakasta ikusita, ulertu beharko luke greba hori kultura- eta gazteria-zentroetako langile ia guztien nahigabearen adierazle garbia dela, garbitzaileena ere bai. Eta Sedenak horren arabera jokatu beharko luke, eta lan-baldintzak benetan negoziatzen jarri. Jendea nekatu egin da hitz ederrak entzuten, eta erranetatik eginetara pasatzea nahi du.

Sedenak dio "zorrotz" betetzen dituela "aisialdi hezitzailearen eta animazio soziokulturalaren" Estatuko hitzarmenaren betebeharrak. Erran ez duena da hitzarmen hori benetan lotsagarria dela, eta kategoria batzuetan LGStik beheiti dauden miseriazko soldatak ezartzen dituela (852,12 euro gordin hilean harreragile batendako edo 941,82 euro informatzaileendako, bi adibide bakarrik aipatzeagatik). Zentro horietako erabiltzaileek –grebak dirauen artean itxita aurkitzen badituzte ere– datu horiek ezagutzen dituztenean, berehala ulertzen dituzte langileen arrazoiak, nahiz eta horrek berekin ekarri egun batzuetan beren ohiko jarduerak egiterik ez izatea.

Egia da Sedenak ordaintzen dituen soldatak oro har hitzarmenetik goiti daudela, baina hori ez da eztabaidagaia. Kontua da ea Sedenak soldata nahikoak ordaintzen dituen. Eta langileek, hiru egunetan greban bete-betean murgildu direnek, argi dute ezetz.

ELAk sektore-hitzarmena nahi du Nafarroan, eta lan-arloan hain zigorturik dagoen sektore horren baldintzak duintzea. Baina, bitartean, Sedenan lan-baldintzak hobetzeko eskatzen jarraituko dugu, eta beharrezkoa balitz mobilizazioak ere bultzatuko ditugu.

Aipamen berezia merezi du garbitzaileen egoerak: 16 langile dira, eta bakarra lanaldi osoarekin (Sedenan oso langile gutxik dute abantaila hori). Langile horien lanaldiak eta soldatak %5 eta 19 artean murriztea proposatu du enpresak, Iruñako Udalak inposatzen duela argudiaturik. Orain, kendu egin du planteamendu hori, baina lehiakide izandako enpresetako baten inpugnazioaren zain dagoelako bakarrik, eta horregatik geldiarazi da esleipen-prozesua. Baina badakigu, hori konpondu bezain laster, Sedena berriz bere lehengo ildora itzuliko dela.

Eta garbikuntzako langileek oso erabaki argia hartu dute: murrizketa hori ez da haien kontura joanen. Hori lortzeko borrokan ari dira, eta hala egiten jarraituko dute. Ulerterraza da. Norbaiten gogoz kontra bada ere.

Ez baitugu ulertzen nola justifikatu daitekeen zerbitzu bat murriztea, baldin eta garbitzeko ardurapean esparru berberak badaude, eta gainera ordutegiak eta jarduerak ugaldu badira.

Horregatik, duela bi aste baino gehiago bilera bat eskatu genion Iruñako Udalari, baina arlo horretako zinegotziak ukatu zigun, bere arazoa ez dela argudiatuz.

Zerbitzu publikoak eskaintzailerik onenari azpikontratatzen zaizkio, eta handik aitzin gertatzen dena ez zaie interesatzen zinegotziei. Hori bai, langileek grebara joatea erabakitzen badute, orduan funtsezko zerbitzu izendatzen dute. Hiru greba-egun horietan ez dute zalantzarik izan Mendillorriko Civivoxeko atea behartzeko; Civivox hori urtean zehar ireki, artatu eta garbitzen dutenen greba zela-eta itxita zegoen atea. Norbaitek erantzukizun politikoak bere gain hartu beharko ditu, baldin eta Lan Ikuskaritzak ulertzen badu langile grebalariak legez kanpo ordeztu dituztela, gertaera hori arau-hauste oso larritzat harturik baitago lan-ordenamenduan.

Eta norbaitek gogoeta egin beharko luke, gainera, langileekin eta zerbitzuetako ordezkariekin bildu nahi ez izanaz, Udala baita horien azken arduraduna. Eta ordaintzen duena. Ez da erakusgarria, ezta demokratikoa ere, nahiz eta zoritxarrez ez gaituen harritu. Iruñako alkatearen lehengo garaian jasan genituen molde berberak dira oraingoak.

Greba honetan, espero izatekoa den mailan egon diren bakarrak Sedenako langileak izan dira. ELAk biziki zoriondu nahi ditu hiru egun hauetan grebarekin bat egin duten eta kalera irten diren herritarrak, piketeetan eta elkarretaratzeetan, beti ere borrokarako prest. Borroka da bidea eta borroka horretan jarraituko dugu gure helburuak lortu arte.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.